Euskaraz:
“DESTINY DRIVER” – Markos Goikolea
Gaztelaniaz:
“LA ISLA OXIDADA” – Kepa Ibarra
eta EITBren Saria, “Euskarazko Soinu Fikzioko Gidoi Labur Onena”:
“GOIURI, ARAZO BAT DUGU!” – Idoia Garzes
Epaimahaia osatu dute:
Erderazkoa: Patxo Telleria, Jokin Oregi, Getari Etxegarai eta Mikel Martinez
Euskarazkoa: Patxo Telleria eta Getari Etxegarai
Benetan zaila izanda sari irabazleen aukeraketa, aurkeztu diren gidoien kalitate altua dela eta. XXIi edizio honetan 16 gidoi euskaraz eta 24 gidoi gaztelaniaz aurkeztu dira. Generoari dagokionez, euskaraz eta gaztelaniaz, 7 egile emakumezkoak izan dira, eta beste guztiak gizonezkoak.
Euskarazko zein gaztelaniazko sari irabazleek 750 euro jasoko dute lan bakoitzeko.
Bestalde, Euskarazko testuaren irakurketa dramatizatua egingo da LAUTAN HIRU Bilboko Alde Zaharreko Antzerki Festibalean.
Gidoi sarituek Pabellon 6 Antzerki Laburreko Jardunaldietan taularatzeko aukera ere izango dute, norbaitek antzezlana ekoiztu nahi badu. Café bar BILBAO-TARTEAN Teatroak laguntza bat eskeiniko du (600 euro) saritutako lan bat (euskarazkoa edo erderazkoa) Jardunaldi hoietan estreinatu eta publiko aurrean erakutsi ahal izateko.
Aurtengo berrikuntzen artean EITB Sari berezia dago: Euskarazko Soinu Fikzioko Gidoi Labur Onenari. Kasu honetan, EITBk 1.000 euroko saria emango du eta gidoi irabazlearen eskubideak eskuratuko ditu, podcast bat ekoitzi ahal izateko, hala erabakiz gero.
Lan Sarituak Café Bar Bilbao eta Teatro-testuak webgunetan publikatuko dira.
IRABAZLEAK. SINOPSIAK ETA BIOGRAFIAK
MARKOS GOIKOLEA (EUSKARAZKO GIDOIAREN IRABAZLEA)
Markos Goikolea Iruñeko antzerkigile eta gidoilaria da, Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua. Gidoigintzan masterra du ESCACen, eta Sala Becketten dramaturgia ikastaro ugari ere jaso ditu.
Ez naiz inoiz Dublinen egon antzerkiaren egilea da; Donostia Kulturako Dramaturgia Berrien Laborategian hautatua eta Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatua 2023an. Laster, 2025ean, Madrilgo Pavon Antzokian eta Buenos Airesko Apolo Antzokian aurkeztuko da. Gainera, Beren Izenez lan laburrarekin Euskaltzaindiaren LautanHiru saria jaso zuen 2024an.
Ikus-entzunezkoetan, Candidatos telesail komikoa sortu du, Serielizados Kick laborategian hautatua eta garatua izan zena. Halaber, Interneterako ikus-entzunezko hainbat lan idatzi eta zuzendu ditu, Gaztezuloko eta Euspoteko lehen sariak irabaziz. Gaur egun, idazketa lanak irakaskuntzarekin konbinatzen ditu ESCACeko (Escola Superior de Cinema i Audiovisuals de Catalunya) gidoi-tailerrean.
“DESTINY DRIVER” ANTZEZLANAZ EGILEAREN HITZETAN
Bi pertsonen arteko zita batean gaude XXII. mendean. Gizartean gero eta zabalduago dagoen Destiny Driver izeneko software batek erabiltzaileari erabakiak hartzea errazten dio, hartzen den erabakiaren arabera bi etorkizun posible ikusteko aukera emanez. Gizakiek etorkizuna irudikatzeko gaitasuna algoritmo baten esku utzi dute; trukean, ziurgabetasuna desagertu egin da. Orain, ezagutu berri den bikote honek beraien etorkizun propioa imajinatu ala software honen mende uztea erabaki beharko du.
Destiny Driver-ek etorkizunaren kolonizazioari buruz hausnartzen du.
Gaur egungo botere-egiturek gure etorkizun posibleak proiektatu eta modelatzen dituzte; gure etorkizunez jabetuz, hauek existitu baino lehenago ere. Profezia autobete baten moduan, alternatibarik ez dagoela sinestarazten gaituzte, eta horren trukean ziurtasun apur bat eskaintzen digute. Gizakiok lehen imajinatu duguna soilik sortzeko gai bagara, zer gertatuko da gure etorkizuna irudikatzeko gaitasuna elite teknologiko baten esku erabat uzten badugu?
KEPA IBARRA (GAZTELANIAZKO GIDOIAREN IRABAZLEA)
Kepa Ibarra Erkoreka (Berango, 1959).
Eszenako zuzendaria, dramaturgoa eta antzerki-pedagogoa da.
Rosa Abal kultur ekintzailearekin batera, Gaitzerdi Antzerki Konpainia sortu zuen (Bilbo, 1988-2018). Hiru hamarkadako ibilbide profesionalean ardurak izan ditu dramaturgia-ekintzan eta hezkuntza-formatiboan, eta sormen-teknikak ikertu ditu hainbat formatutarako: aretoa, kaleko arteak, instalazio artistikoak, kultur ekitaldiak eta bideoklip musikalak diseinatzen.
Halaber, artikulugile-lanak garatu ditu hainbat komunikabidetan, hala nola egunkari, aldizkari eta tokiko fanzineetan. Narratiba-alorrean, antzezlanen testuak, ipuin laburrak eta eduki fantastikoko formatu literarioak idazteari eskaini dion dedikazioa nabarmendu behar da.
“LA ISLA OXIDADA” ANTZEZLANAZ EGILEAREN HITZEAN
Planetako edozein ozeanotan galdutako uharte batean bizi dira bi herritar, naufragio emozionalerako inolako tarterik gabe. Isiltasuna hitzarekin, gosea handitasunarekin eta industria-irabazi faltsuen mugak konbinatzen dituzte.
Fedrok eta Tuliok galtzaileen diasporarekin bat egiten dute; oraindik ere gizakien kontakizunetik salbatu nahi duten horiek, bizitzaren bidean bueltaka eta bueltaka jarraitzen duen istorioa, azkenean ezerera iristeko. Azken soka bati helduta, iruzurrezko zeru batetik iritsi zaien azken esperantza.
Ipuin fantastikoa, bi pertsonaia kontraesankorren bidez, aberastasunean eta pobreziaren artean, azken sostengu bat bilatzen dutenak. Ozeano batek (edo ez) inguratutako uharte baten erdian, edozein eskualde jendetsutik mila milioi kilometrora. Gertu edo urrun, hemen bertan.
IDOIA GARZES ALDAZABAL (EITB SARIA)
Idoia Garzes Aldazabal, Lasarte-Oria 1973. Ikasketez kazetaria, 20 urte pasatxo egin zituen telebistan gidoilari eta erredaktore gisa. Hura utzi eta bestelako lanetan aritu da. Idaztea ofizio izan bazuen ere, “afizio izaten jarraitzen du” dio berak. Lau liburu kaleratu ditu: Hari single bat, Mendiko gaitza, Kukuaren kantua eta Dei galdu bat.
Duela hamaika urte, Cafe-Bar Bilbao teatro laburren saria jaso zuen Buruaz norbere egin lanarekin, eta antzezlanak paperetik salto egin eta bere bidetxoa urratu du.
Bere hitzetan: “Aldean koadernoa beti, ideia berriak noiz agertuko ezin baita inoiz jakin, eta libururen bat, jakina, idazletzat baino gehiago irakurletzat baitut neure burua.
“GOIURI, ARAZO BAT DUGU” ANTZEZLANAZ EGILEAREN HITZETAN
Eta urruneko galaxia batetik euskaraz hitz egiten dizun mezua jasoko bazenu?
2057. urtean gaude. Tira, Aro Berriko 27. urtean. EAE, Euskal Agentzia Espaziala, bada nor nazioarteko kontzertuan. Euskal Herria lasterketa espazialaren dema jokatzen duten nazioen klubeko kide hautatua da. Jalgi Hadi zunda, Mari suziria, Tartalo teleskopio espaziala, Pintto izarretako lehen txakur euskalduna, Ilargiko Mateo Txistu basea, Esne Bidetik ateratako espedizioak…
Eta orain Pitxu XIV ontzia, espazioaren luze zabalean alderrai, misio berezian, Euskal Herriaren loria ipar bakar. Eta haren barruan bi argizaginauta ausart eta ontziko ordenagailua…
Espazio urrunetik, ezezagun duten galaxia batetik mezua jasoko dute… euskaraz.
Broma hutsa, txantxa zoroa? Ganberrada txikia, seguru!