Aurten, Antzerki Laburreko Gidoien Sari ezagunaren XXII edizioa ospatuko da. Egileek abenduaren 31ra arte izango dute euren antzezlanak aurkezteko eta, betiko legez, bai euskaraz zein gazteleniaz izan daitezke. Sari hauen helburu nagusia da balizko egileek antzerkia idatz dezaten animatzea, beti ere aurkeztutako antzezlanak laburrak (30 min ingurukoak) eta ekoizpen errezekoak izan behar dute, gerora, aukera egonez gero, taularatuak izateko.

Mikel Martinezek azaldu digunez, “Sarien arauetan jartzen duenez, teatro laburra (ordu erdikoa gutxi gorabehera) eta errez muntatzekoa izan behar du testua, antzoki eta areto txikietan zein ez ohiko espazioetan taularatzeko modukoa. Horren arrazoia da amu bat jartzea jendeak gidoiak idatz ditzan, laburrak izateak errezten baitu lan hori”.

Euskarazko zein gaztelaniazko sari irabazleek 750 euro jasoko dituzte lan bakoitzeko. Bestetik, gidoi sarituak Pabellon 6 Antzerki Laburreko Jardunaldietan taularatzeko aukera dago eta, kasu hauetan, norbaitek ekoiztea nahiko balu, TARTEAN TEATROAk laguntza bat eskeiniko du (600 euro) saritutako lan bat (euskarazkoa edo erderazkoa) publiko aurrean erakutsi ahal izateko.

Bestetik euskarazko gidoi irabazlearekin Bilboko Zazpi Kaleetako LautanHiru jaialdian irakurketa dramatizatua egiteko aukera dago. “Ia beti irakurketa dramatizatua egin izan da, beti ere, gidoia irakurketa egiteko aproposa bada”.

Aurtengo berrikuntzen artean EITB Sari berezia dago: Euskarazko Soinu Fikzioko Gidoi Labur Onena. Kasu honetan, EITBk 1.000 euroko saria emango du, eta euskarazko gidoi irabazlea EITBPodkast plataformarako grabatua izango da. EITBk saritutako antzezlana, beste modalitateko irabazlea izan daiteke ala ez. EITBk Postkast plataforma horretara igotzeko gidoi aproposena aukeratuko du. Eta, egileak EITBri emango dio podcast hori egiteko baimena edota eskubidea. Podcast-a EITBk ekoiztuko badu ere, Dantzertiko Eskola, irakasleak eta ikasteak izango dira podcast egin ala antzeztuko dutenak. “Egile eskubideak autorearenak badira ere, egileak horretarako baimena eman dio EITBri. Beraz, euskarazko gidoien artean, batek jaso ahal ditu sari biak, edo bi antzezlan desberdinak izan daitezke sarituak, bata gidoirik onena eta bestea EITB saria” dio Mikel Martinezek.

Sariok epaimahai berak erabakiko ditu, hau da, TARTEAN TEATROA eta CAFÉ BAR BILBAOko kideek osatutako taldea.

Info gehiago eta sariaren arauak aurkitu dituzue CAFE BAR BILBAO tabernako web orrialdean: https://bilbao-cafebar.com/wp-content/uploads/2024/11/Arauak-2024.pdf