Lezoko II. Antzerki Testu Laburren Lehiaketaren irabazlea Jokin Oregi Iñurrieta izan zen, larunbatean, urriak 5ean egindako publikoaren bozkari esker. “ARIMA eta BIHOTZA” testuak eraman zituen bozka gehien.
Jokin Oregik berak azaldu digunez oso pozik dago sariarekin, aspaldiko nahi batengatik. “Beti izan dut testu laburrak idazteko gogoa baina normalean, CAFE BAR BILBAO sarietan epaimahaikide bezala aritu behar naizenez, ez dut aukerarik izan. Agurtzane Intxaurragak (Hika Teatroa) proposatu zidanean, gogoz heldu nion testuaren nondik norakoak argi nituelako”.
“Arima eta Bihotza” testu laburrak, etorkizun hurbil batean (2060. urtean) gizakiak eta roboten arteko harremanen inguruan dihardu, “gaur egun hain modan dagoen Adimen Artifiziala dela eta, egunen batean robotak gizakiak ordezkatuko ba ote dituzten zalantzatik, nora eta nola garamatzan honek. Gaiak adar asko ditu baina fikziotik eta komediatik jorratu nahi izan dut, une oro irribarrea edukitzeko asmoarekin”. Laster, testutik oholtzara eramateko aukera ere badagoela aipatu digu egileak.
Zorionak ere finalista guztiei, Pedro José Zabalza, Ainhoa Mariezkurrena, Galder Pérez, Hegoa Álvarez eta Goiz Eder Iturain.
Sinopsia: 2060. urtean gaude. A eta B elkarrekin bizi dira Lezoko etxe batean. B azken boladan aztoratuta dabil A erabat alfertuta dabilelako, ez du apenas etxeko zereginik egiten, gero eta narrasago, dezente (edo indezente) alprojatuta. B sumintzeraino nazkatu da bestearen jokaerarekin. Izan ere, B sinistuta dago A robota dela, berak bere poltsikotik erositako robota, etxeko zereginak egiteko eta beste hainbat kontutan lagungarri izan zedin. A, berriz, pazientzia galduta dabil azken aldian, B robota erosi zuen orain urte erdi etxeko zereginetan lagundu ziezaion, baina egunak dira, akatsen bategatik edo, B sinistuta dagoela pertsona normala dela.