IMANOL AGIRRE (kulturgilea eta antzerkilaria)
Esperimentalaren abiadura handiko sormen joerari aurre egiten Patxo Telleria, agian euskal dramaturgorik handienetako bat, mantentzen da teatro “klasikoaren” errailean. Hezur-haragizko aktoreak elkarrizketetan katramilaturik, alegia. “Kandida” du izenburu idatzi duen azken testu dramatikoak eta otsailean taularatuko da Arriaga Antzokian.
Telleriaren azken lanetan bezalaxe, etika, morala eta gizakien arteko harremanak ditu jomugan. Oraingoan ametsen eta errealitatearen arteko soka nasaian ibiltzen da eroso eta ironiko. Zein da egiaren atzean ezkutatzen den gezurra? Oscar Wilden aipuan bezalaxe: “Jaingoikoek kastigatu nahi gaituztenean, gure ametsak betetzen dituzte”.
Bizitza errealeko puri-purian dauden gai batzuk biltzen dira sormen honetan: etxebizitzaren eskubidea, eskrupulurik gabeko pertsonak, migrazioa, sare sozialak, giza harremanak… Esanguratsua da protagonistako bat etxe gabeko eskale bat izatea. Patxo Telleriaren antzerkigintzan hiru alditan aurkitzen dugu horrelako eskale bat trama nagusian: “Kontenedore baten istorioak” (2002) eta Alderray (2022).
“Nora joaten dira ametsak itzarri eta berehala?, Nora hartu gabeko bideak hautaketan baztertuak? Agian damuaren etxera, ahazturaren zulora” kantatzen zuen Ruper Ordorikak. Fikzioa, ametsak eta errealitatea korapilatzen dira kontakizun honetan. Irri egingo duzu, jakina, baina ikusleak izango du zer pentsatu komedia sozial hau ikusitakoan. Bitartean heldu eskutik eta jarraituko dugu amesten.
ANE ZABALA (antzerkilaria eta kazetaria)
Kandida Tartean Teatroaren antzezlan berriaren protagonista da, Patxo Telleriak idatzitako testu baten protagonista. Hala ere, ez da pertsonaia bakarra: Telleriak bi emakume aurrez aurre jartzen ditu oholtzan —Kandida eta Klara—, bi muturretan dauden bi mundu, bi errealitate.
Batetik, Klara, idazle gazte eta arrakastatsua; bestetik, lanari izena ematen dion Kandida, bizitzaren gorabeherengatik kalean bizitzera behartutako emakumea. Batek bestearen istorioa lapurtuko du, eta hori eleberri bihurtu. Horrela, Telleriak jolas interesgarria proposatzen du: errealitatea eta fikzioa, bizitza eta literatura, nahastu egiten dira antzezlanean zehar. Une batean, liburua bera irakurtzeko nahia izatera bultzatzen gaitu, zer eta Kandidaren bilakaera zein izango den jakiteko irrikan.
Baina jolas teatral huts bat baino gehiago da testu hau. Telleriak hainbat gai sakon mahai gainean jartzen ditu: arrakasta lortzeko edozer egitearen mugak, bizitza baten lapurreta metaforikoa edota gure gizartean gero eta ohikoagoak diren etxegabetzeak. Eta galdera deseroso bat ere luzatzen digu: zenbateraino gara gai gure hirietan gertatzen den hori ikusteko eta onartzeko?
Beste behin ere, Telleriaren lanak komediaren kutsua du, baina horren azpian gai unibertsal, sakon eta ezinbestekoak ezkutatzen dira.
IMANOL ALVAREZ (kritikaria eta antzerkizalea)
Patxo Telleria umore-antzerkiarekin identifikatua izan da luzaroan. Agerikoa da, ordea, azken hamarkadan bederen, oso bestelako antzezlanak ere sortu dituela, oso estilo diferentetakoak hain zuzen, beti ere kalitate-berme batekin. “Ghero” edota “Ai, gure juaneteak” aipa genitzake kasurako.
Oraingo Kandida honetan, giza-harremanei buruz aritzen da Telleria nahiko modu gupidagabean, faltsukeria noiznahi eta nonahi antzematen delarik. Izan ere, Klara eta are gehiago Xabi prest baitaude edonoren eta edozeren gainetik gailurrera heltzeko, arrakastara alegia.
Bigarren mailako gairen batzuk ere azaleratzen dira antzezlanean zehar: etxebizitzarako eskubidea eta etxegabetzeak, etorkinak eta eskuin muturra… Baina horiek guztiak ia paisajearen parte baino ez dira, tokian eta garaian kokatzeko baino ez bide dute balio.
Funtzioan errealitatea eta fikzioa nahasten dira oso modu berezian. Hots, ez dira, istorioa nolakoa den eta nolakoa izan zitekeen erakusteko herrenkadan tartekatuz doazen eszena hutsak, baizik eta benetako “nahastea” suertatzen dela, Kandida ere baden Manuelak ez baitaki bata bestetik ezberdintzen, benetan gertatzen dena nobelan, fikzioan, gertatzen denarekin nahastu egiten baitu. Eta agian hortxe datza, nire ustez, saioaren berritasun eta baliorik handiena dramaturgiaren aldetik.
Nahastearen eta Manuelaren hitz egiteko modu berezitxoaren ondorioz, egoera bitxi-surrealista samarrak suertatzen dira, duda barik ikusle askorengan irribarreak eta barre-algarak sorraraziko dituztenak .
Edonola ere, argi gera dadin: Kandidak oso istorio gogorra, latza, erakusten digu.
JULEN GABIRIA (idazlea eta antzerkizalea)
Sorkuntza gutaz hitz egiten duen artefaktu bat da: osatzen dugun eta osatzen gaituen errealitateari lupa jartzea, gutaz ari den errealitate areagotu bat eraikitzeko. Lupa jarri, ispilu bat eraikitzeko. Sormena, sorkuntza, sortzailea… hitz horiek ez dute egia ondo adierazten, dagoeneko sortuta dagoen oinarri batetik sortzen baita beti. Beraz, sortzaileak errealitateari zor dio sortzen duen gehiena: kasik hobeto litzateke zormena, zorkuntza edo zortzailea hitzak erabiliko bagenitu. Sortzailea beti da zordun, baina baita, sarri askotan, sortu duenaren mendeko ere, batzuetan zail egiten zaiolako bereiztea zer den errealagoa: errealitatea bera ala sortu duen ispilua. Sortzailea La vache qui rit gaztaren logoan bizi da beti, infinituraino luzatzen den jolas batean. Zeri erreparatzen dio gehiago: belarritakoak daramatzan behiari, ala belarritakoen barruan marraztuta dagoen behi identikoari? Zeri erreparatzen diogu guk, mortalok, beste norbaiten sormenaz gozatzen dugunean… edo beste norbaiten sormena sufritzen dugunean?
AGURTZANE INTXAURRAGA (antzerki zuzendaria eta egilea)
TARTEAN-ekoek KANDIDA testua irakurtzeko eskatu didate eta Valladolideko bidean, trenean noala, hasi naiz horretan, Gaztelako paisaia hori ederrak igarotzen ditudan bitartean. Helmugara iritsi aurretik bukatu dut testuaren irakurketa. Eta orduan KANDIDAREKIN pentsatzen hasi naiz. Luze.
KANDIDA testuaren protagonista Klara da, bere imajinaziotik sortu den istorioaren amuan harrapatuta geratuko den idazle gaztea; egin beharko genukeena eta benetan egin nahi dugunaren arteko borroka izango da berea.
Aurrez aurre KANDIDA dauka, testuaren izenburua hortik dator. Kandida, etxea ezin ordainduta, etxetik bota eta azken bi urteetan kalean bizi izan den emakumea da. Izan dena diot, ze dena, hortxe hasten da. Kandidak Klararen atea jotzen duenean eta bertan bizitzen uzteko eskatzen dionean.
Beraz, Patxok etxebizitzaren edo etxe faltaren arazo potoloari heltzen dio, zeharka bada ere. Izan ere, erdigunean, guztiaren gainetik, pertsona modura ditugun ezinak eta bertuteak, minak eta desioak, izaerak eta garenaren zuri-beltzak daude elkartuta, dantzan batzuetan, borrokan bestetan.
Ez daukat zalantzarik Patxok maisuki maneiatzen dituela dramaturgiaren tresnak: pertsonaiak eta haien garapenak, elkarrizketak, tramaren norabide aldaketak, elementu eszenikoak, estilo nahasketak, eta abar. Aitortzen dut beraz, trenaren traka-traka soinupean, istorioak erakusten dituen geruza ezberdinen artean, batetik bestera salto egin dudala neuk ere, trenak geltoki batetik bestera egin duen bezala, konturatu gabe.
Harrapatuta geratu naiz istorioan eta nola ez, istorioa oholtzan imajinatzeko dudan mania malapartatutan.
Klarak argitaratu berri duen nobelaren istorioa eta antzerki testuan garatzen den benetako istorioa lotzeko uztarketa fina egin du Patxok; “Fikzioa eta errealitatea” , biak nahastu ditu fikziozko istorio baten barne.
Klara gaztea da, arrakasta lortu du idazle bezala. Etorkizuna bere alde dagoela ematen duenean, ordea, bizitza aldrebestuko zaio. Erru zuzena behintzat, kandidarena da. Kandidak nobelan gertatzen den bezala Klararen atea joko du eta bertan bizitzeko eskatuko dio Klarari. Kandida adinez nagusiagoa da eta bizitzak ez du batere ondo tratatu. Hala ere, eta hori da agian bitxiena eta interesgarriena niretzat, umoreari tokia egingo diona bera da. Bera da pertsonaiarik inozenteena. Eta inozentzia da ziurrenik gizarte moderno honek galbidean jarri duen giza balioetako bat. Inor gutxi fidatzen gaur inorekin. Kandidak, aldiz, bihotz garbia erakusten du, mezuak uzten dizkio adibidez, Alemanian bizi duen ilobari noizbait mezu horiek ikusi eta bera salbatzera etorriko dela zintzoki sinetsita. Hirukiaren erpinean, benetako erpin bat bezala editorearen pertsonaia dago Klarak bizi duen barne borroka hori, etengabe akuilatzen. Baina ez Klara bakarrik, baita Irakurlea ere, kasu honetan, ni neu, neure barne konfliktoen aurrean jartzea lortu baitu. -Zer egiteko gai izango ginateke arrakasta lortzeko edo arrakastari eusteko?-
Ez naiz gehiago luzatuko. Ez dut gehiago kontatuko, neuk ere estreinaldian antzezlanarekin harritzeko aukera izan nahi dudalako. Eta ziur harrituko nauela!
Hantxe egongo naiz Miren maitia, Nerea Mazo eta Mikel. Eta zuri Patxo, patxo bat eta aldez aurretiko ZORIONAK.
Testu bikaina!
LUTXO EGIA (Idazlea eta antzerkilaria)
Poz handiz hartu dut Patxo Telleriaren “Kandida” antzerki-obra irakurtzeko gonbita. Lehen aldia da haren lan bat irakurtzen dudana antzokian ikusi aurretik. Eskertuta nago oso, are eskertuago irakurritakoan izugarri disfrutatu baitut.
Antzezlanaren ekintza eleberriaren aurkezpen gau berean hasten da, norbaitek Clara idazle gaztearen atea jotzen duenean. Bi urte baino gehiago ziren elkar ikusi gabe, eta kaleak gogor zigortu duen arren berehala ezagutu du. Manuela da, Clara inspiratu zuen etxegabetutako emakume zaharra.
Hortxe sortzen zaio Clarari antzezlana gidatuko duen dilema nagusia: zer egin behar ote du, etxean hartu ala kale gorrian utzi? Dilema horrek beste dilema batzuk ere ekarriko ditu trama bizia bezain konplexua sortuz, non fikzioaren eta errealitatearen arteko marrak behin eta berriro lausotzen zaizkigun; lausotu eta elkarren kontra talkatu, errealitateak ez baitu fikzioak adina aguantatzen.
2024an Patxok “Kortxoaren dilema” taularatu zuen. Bertan zer pentsatua ematen ziguten planteamendu eta galdera etikoak ere bazeuden. Dilema batek beste dilema bat zekarren eta ikusleok zirt edo zarteko galderak egiten genizkion geure buruari eta zelan edo halan konpondu antzokiko aulkian zirkinik ere egin gabe. Halaxe “Kandida”-n ere: Patxok ezinbesteko osagaiak aurkezten dizkigu draman gora abiatzeko jakinminez, etengabean hausnartzera gonbidatuz. Bidean harengan ohikoak diren argumentu-birak eta norabide-aldaketak topatuko ditugu, alboratu gabe tarteka barrea sortaraziko diguten ateraldiak.
Irrikan nago ikusteko nola erantzuten dioten erronkari Nerea Mazo (Clara), Miren Gaztañaga (Manuela) eta Mikel Martinezek (editorea). Patxo abila baino abilagoa da pertsonaien miseriak agerrarazten eta, bistan da, neurriko erantzuna eskatuko die hiru aktoreei. Era berean, irrikan ere banago ikusteko nola konpontzen dituen oholtzan fikzioari eta errealitateari dagozkien plano desberdinak. Ez da izango erronka makala!
Gero eta gutxiago geratzen da otsaileko estreinaldirako.
