Datorren martxoaren 9 eta 10ean ALDERRAY ikuskizun berria estreinatuko du TARTEAN TEATROAk Bilboko Arriaga antzokian. TARTEANen filosofioari jarraituz, gure ekoizpen propiak sortu, ekoiztu eta banatzeko ohiturari jarraituko diogu oraingoan ere. Dagoeneko zenbait emanaldi iragarrita daude eta Euskal Herri osoko antzoki eta aretoetan erakustea da gure asmoa. Ikuskizuna euskara hutsez da.

Patxo Telleriak idatzitako testuak, ALDERRAY pertsonaien ehiztariaren istorioa kontatzen digu, bere morroia izandakoaren ahotik. Bi aktore arituko dira oholtza gainean, bi pertsonai hauek gorpuzten: Mikel Martinez aktoreak ALDERRAYrena egingo du eta Sandra Fdez.Aguirre aktorea bere morroia izango da. Antzezlanaren zuzendaritza Patxo Telleriaren esku dago.

Jatorrizko musikarik ez bada ere, musikak ehundoko garratzia izango du ALDERRAYren pertsonaien istorioei ñabardurak emateko orduan. Espazio sonoroaren arduraduna Adrian Garcia de los Ojos gure ohiko kolaboratzailearena izan da. Jantzien disenua Betitxe Saituak egin du eta eszenografia eta objetuen sorkuntzari dagokionez, El Cajon-eko Pedro Rojok sortu ditu. Argiztapenerako, ohikoa dugun moduan, David Rodriguez aritu da.

Antzezlan hau narrazioen narrazio bat bezala egituratuta dago. Ekintza aurrera doa kontakizun itxuraz independienteen bidez.  Hasieran, kontakizun hauek ez daukate zerikusirik protagonistekin, haien bizitzatik urrun dauden pertsonaiei buruzkoak dira. Itxuraz. Baina ekintza aurrera doan heinean, narrazioak gero eta inplikazio gehiago daukate Alderray eta Morroiaren barneko munduarekin, halako moldez non, amaieran haien bizitzaren alderik esanguratsuena ezagutu eta haien minaren zergatiak ulertuko ditugun.

Sinopsia

“Alderray pertsonaien ehiztaria da, istorio kontalaria. Ez du fikzioa maite, kontatzen dituen istorioak benetakoak dira denak. Zahartu egin da, ordea. Indar eta kemena galdu ditu. Jada ez du istorio berririk aurkitzen, ez du pertsonaia interesgarririk somatzen.  Duela gutxi neska gazte bat hurbildu zaio, bere ondoan ofizioa ikasteko asmoz. Morroi gisa onartu du”.

Orain arte lotuta dauden emanaldi batzuk: Bilbo (martxoak 9 eta 10), Leioa (martxoak 18), Santurtzi (apirilak 7), Iruña (apirilak 27), Basauri (maiatzak 13), Gernika (maiatzak 20), Berriz (urriak 29), Donosti (azaroak 12 eta 13), Erandio (azaroak 27), Oñati (abenduak 1), Sopela (abenduak 2), Astigarraga (abenduak 3)…