Lasai dago Urnieta (Gipuzkoa) uztaileko azken egun hauetan. Donostiatik gertu egon arren eta, herri txikia bada ere, arte eszenikoen inguruko zaletasuna eta mugimendua handia da. Honen erantzulea Urnietan kokatzen den Sarobe Arte Eszenikoen Gunea da, ezin bestean. Saroben bertan ari gara TARTEAN TEATROAren azken ikuskizunaren egonaldi artistikoa egiten. Han aurkitu ditugu NON DIRA HAURRAK? ikuskizunean parte hartu duten aktoreak lanean, Jokin Oregi zuzendari eta egilea eta Ana Meabe zuzendari laguntzailearen aginduetara.

Jokin Oregiren begirada nabaria da lan honetan, haurrekin beti konprometitua, baina oraingo honetan helduei zuzentzen den ikuskizunarekin. Bere lanik anbiziosoena da NON DIRA HAURRAK?, kutsu garaikidea gordetzen duen ikuskizunak, gizarte moduan eragiten gaituzten gaur egungo gai garrantzitsuak jorratzen ditu, besteak beste haurren osasun mentala eta gizarteak horren gain duen erantzunkizuna. Baina batez ere, NON DIRA HAURRAK? mundu helduaren koru erretratu bat da, non ikusle bakoitzak aktoreen rol desberdinetan bere burua islatuta ikusiko duen.

Ensaioen artean harrapatu dugu Jokin Oregi, ikuskizun honen egilea eta zuzendaria. Berak inork baino hobeto daki zein bide zidorretatik eramango gaituen proiektu artistiko honek.

Zein izan da NON DIRA HAURRAK ikuskizunaren sortze prozesua? Nola sortu zitzaizun halako testu bat idaztea? 

BBK aretoak eta Maria Goiricelayak antolatutako narraturgia tailer batean sortu zen. Horren arduraduna izan zen Albert Tola dramaturgo katalanak ekarri zuen proposamen berezi bat, narraturgian oinarrituta ikuskizun baten proposamena, alegia. Bera oso tematuta dago molde honetako antzerkiak egiten, narrazioarekin oso lotuta dagoen moldea, non apenas ez dagoen dialogorik. Gogora datorkit ipuin kontalaria edota istorio kontalaria… Antzerki oinarrizkoena izan zitekeen. Mugimendu hau oso modan omen dago Europa mailan, batez ere Alemanian eta garaikidetasun handiko joera da.

Horren harira sortu nuen testu bat, ezin dezaket esan narraturgia soila denik, dialogoak izan badituelako, larregi ere ez, eta kasu honetan aktoreek ume batekin hitz egiten dute zeina ez dauden oholtzan. Hori da obra honek duen bitxikerietako bat. Haurrok ez badira agertzen ere, eurei egiten diegu une oro erreferentzia.

Antzerkigintza munduan ezaguna zara Marie de Jongh zure konpaniarekin egindako haur eta familiei zuzendutako lanengatik. Baina, oraingo honetan, TARTEAN TEATROA bazkide fundatzailea zaren konpainian helduei zuzentzen zara. 

Esan dezaket modu oso naturalean heldu diodala gaiari. Marie de Jongh antzerki taldearekin nabil jo eta ke, haur eta familia osoarentzat zuzendutako ikuskizunak taularatzen. Haurren mundua oso garrantzitsua da niretzat, beraiei begira nago une oro, beraien beharrak eta premiak ikusteko. Zertan lagundu diezaiekegun asmatu nahian. Orain aldiz, helduei oso lotuta dagoen lanarekin nator. Nik uste dut oso garrantzitsua dela denok hauskarketa egitea, askotan harritzen gaituztelako umeen joerek eta zein arinki hazten diren helduenak izan zitezkeen gauzak egiten eta abar. Eta ez gara konturatzen haurrak gure ispilua direla, eta euren miseriak eta antsietateak gureak direla.

Gizarteak haurren osasun mentalean duen eraginaz hitz egiten da ikuskizunean baina berez, helduen koru erretratu bat da. Kritika zorrotza egiten zaio egungo gizarteari eta helduok askotan haurrengan dugun jarrerari…

Ikuskizuna psikologo baten kontsultan hasten da, Maddi 8 urteko neskatoa, Leire psikologoak artatuko du, hori da abiapuntua. Neskatila ez dago ondo eta gurasoek eta psikologoak jakin nahi dute zer gertatzen zaion, zer dagoen egonezin horren atzean. Ez baitu ezer esaten.

Obra honetan esaten dena zera da: bai psikologoaren kontsultan eta kontsultatik kanpo ere, ari diren pertsonai helduen bidez, gizartea bera dela pazientea. Zeren eta Madiren inguruan dabiltzan helduen erretratu bat egiten dugu eta hor jakingo dugu zer geratatzen zaion Maddiri.

Euskal aktore ezagunak arituko dira, nolakoa izaten ari da elkar lana?

 Jende berriarekin lan egitea beti da emozionantea. Beldurra ere ematen du, inoiz ez dakizulako nola hartuko duten, modurik onenean egitea nahi duzulako. Guztionatzat aberasgarria izan dadila. Ni oso ohituta nago konfiantza osoarekin aritzen eta, halakoetan inoiz lanik egin gabeko aktore berriak hartzen dituzunean, dudan sentsazioa da Itsaslabar baten ertzean egongo banintz bezala, nolabaiteko panikoa gauzak okertuko ote diren…

Behar dut nolabaiteko intimotasuna, batez ere horrelako gauza garrantzitsuak jorratzen dituzunean, gutaz ari garenean horren krudelki une batzuetan, ezta? Behar duzu konfiantza hori eta egia esan oso pozik nago gurekin ari diren aktore guztiak (Iraila Elias, Sandra Ferrús, Getari Etxegarai, Jabi Barandiaran, Iñigo Aranburu, Ruth Guimera eta Irene Zarrabeitia), molde desberdinekoak izan arren, oso ondo ulertu dute zertan eta zertarako ari garen eta zer eskatzen duen lan honek. Eta egia esan, oso aberasgarria da, lan taldea obraren erabat alde dagoelako eta, hori gauza ederra da. Magikoa. Giro berezi hau nabariko da emanaldietan, ensaioetan nabaria den moduan. Oso ausartak eta eskuzabalak dira, euren hauskortasuna agerian uzten dute harekin lan egin dezagun elkarrekin, hortik sortu.

Zer izango da BBK Aretoan estreinatzea…?

Esan genezake BBK aretoko emanaldiak bitxiak izango direla, incunable-ak. Besaulkiak kendua eta butaka patioan jarriko dugu eszenatokia. Ohiko eszenatokian ere egongo dira zenbait eszena baina batez ere behean arituko dira. Hau dela eta, aforoa mugatua da eta 110 ikusle baino ez dira sartuko emanaldi bakoitzeko. Gainera, sorpresa asko egongo dira.

Helduei zuzendutako antzerkigintzan egin izan ditut antzerki lan batzuk -azken bolandan ez hainbeste-, eta premia eta beharra nuen ildo hau jorratzeko berriro ere, gauzak kontatzeko gogotsu eta egia esan nahiko modu brastakoan idatzi dudan lana izan da. Badirudi gordeta nituela gauza asko, pilatzen joan direnak eta urteetan batzen joan naizenak. Bapatean, lan honekin denak zentzua hartu du, badago logika eta esateko premia. Harriagarria da testu honek nigan eragin duena, eta espero dugu publikoarengan ere hala izatea.

Luxuzko kolaborazioak izango ditu: alde batetik, Bilboko Koral Elkartearen haurren abesbatza arituko da zuzenean BBKko emanaldietan, Miren Agur Meabek idatzitako letrekin eta Adrian Garcia de los Ojosen jatorrizko musikarekin. Musikak nolabaiteko protagonismoa du? Zein izan da honen helburua?

BBKko emanaldiak bereziak izango dira, hainbat bitxikeri lagun. Bilboko Koral Elkarteko haurren abesbatzak parte hartu du eta beraiek jarriko diote ikuskizunari soinu banda. Esan bezala haurrek ez dute parte hartzen antzezlanean aktore modura, baina beraien presentzia nabaria izango da haurren abesbatza honen bidez. Abestien letrak Miren Agur Meabe idazlea eta poetarenak dira, Adrian Garcia de los Ojosen jatorrizko musikarekin, askotan gurekin kolaboratu duen musika egilea.

Beti izan dut abesbatza batekin lan egiteko gogoa, gure etxean asko abesten da eta beti ulertu dugu musika oso modu sakonean, misterioarekin lotzen gaituen zerbait da, guztiok lotzen gaituen hari fin bat. Eta misterio hori gehitu nahi nion obrari eta haurrak izatea kantari. Harrigarria eta zoragarria da aukera hori izatea. Oilo ipurdia jarriko zaigu haiei entzutean.

BBK aretoak eta TARTEAN TEATROAk koekoiztutako lana baita.

BBK aretoarekin oso gogotsu gabiltza. Maria Goiricelayaren ekimenez, aurtengo BBK aretoko ekoizpen propioa egitea eskatu zidan, nirekin lan egitea nahi zutela eta asko eskertu nion testu hau egiteko aukera, hala nahi nuelako aspaldi. Bestetik, testua ETCk (European Threatre Convention) hautatua izan zen, Arriaga antzokiaren ekimenez. Oinarrian eta jatorriz euskaraz idatzitakoa, Europan ere euskarazko testuak kontuan har ditzaten. Kasu honetan, euskaraz eta gaztelaniaz egingo dugu zeren eta gure asmoa da bai Euskal Herrian zein Espania mailan mugitzea ikuskizun honekin