ALDERRAY emanaldiaren aurretik harrapatu ditugu Mikel Martinez eta Sandra Fdez. Aguirre antzokiko kamerinoetan. Bizarra jantzita Mikelek ALDERRAY itxura hartu du, eta Sandrak Alderrayren morroiaren rola egiteaz gain, bi ehiztariek harrapatzen dituzten hainbat pertsonaia gorpuzten ditu.
Aurreko martxoan Arriaga antzokian estreinatu zenetik, elenkoak publikoaren harrera beroa eta kritikaren onespena jaso ditu. Mikel Martinezek azaltzen digunaren arabera, “Arriagako estreinaldia oso esperientzia polita izan da, Bilboko antzoki nagusian hastea bira, abiapuntu ona da. Publikoaren harrera ona jaso genuen. Kontuan izanda hau ez dela komedia bat eta, TARTEANek ohikoa duen umorea erabiltzen ez den arren, feed back-a ona izan da”.
Antzezlan honetan hitzak pisu garratzitsua badu ere, Sandra Fdez Aguirre aktorearen hitzetan, “nik uste erreza da ulertzea. Behintzat hori aipatu didate lagunek, errez sartzen zarela istorioan”.
Patxo Telleria egileak eta zuzendariak, narrazioari gorazarre egin nahi izan dio ikuskizun honetan. Baina, ahozko tradizioak badu lekurik XXI mendean? Mikel Martinezek azaltzen digunez, “aktoreak gara eta antzerkia egiten dugu. Azken finean, istorioak kontatzea da gure lanbidearen funtsa, ez bakarrik antzezlan honetan baizik eta orokorrean aktoreek gure gorputzarekin, hitzarekin, eszenografia eta abar-ekin, istorioak kontatzen ditugu. Beraz, bai zentzua du, bestela ez genuke egingo antzerkirik… Gustokoa dugu”.
Sandra Fdez Aguirrek morroiaren papera betetzeaz gain, hainbat pertsonai gorpuzten ditu: zorigaiztoko neska zoriontsua, langile arrakastatsua, irakurle mugiezina, lapur terrorista, zaharren ehiztari zaharra, autogidari maitemindua, ezusteko eskalea, miserablea, bekatuen lapurra, ama kuraia…. Honek erronka txiki bat suposatu du Barakaldoko aktoresarentzat, bere hitzetan: “Hainbeste pertsonai sortzea bada niretzat erronka bat, pertsonaia bakoitzak bere fisikalitatea edota ahots propioa duelako. Istorio bakoitzak zerbait kontatzen digu, pertsonai bakoitzaren arima desberdina delako. Ikuslearengan hurbildu nahi dut pertsonaia, lehen kolpean jakin dezan horren nondik norakoak eta guztti hori, istorioak irauten duen minutu eskasetan. Ikusleak pertsonaiak maiteko ditu euren istorioa ezagutzen duen unetik aurrera. Dena dela, zailena morroiaren arima eta izaera aurkitzea izan da, nik gorpuzten dudan pertsonaia. Beraz, erronka bai baina dibertigarria da baita ere. Opari bat da horrelako pertsonaiak gorpuztea, morroia oso pertsonaia polita delako, gaztea da, hunkigarria, kalezalea baina baita ere iluna da, amorru bizia sentitzen du barnean… eta bestetik pertsonaia txikiagoak gorpuztea bakoitzak bere ezaugarriekin, oparia da, eta jolasteko aukera paregabea. Oso jostagarria da testua”.
10 istorio laburrez osatuta dago antzezlana eta bestetik, istorio luzea edota orokor bat dago, Alderray eta bere morroiaren artekoa. “Patxo Telleria egileak eskarmentu handia du, eta saiatu gabe euskara erreza egiten, badaki antzerkian garratzitsua dela hitza edota testua lehen kolpean ulertzea. Patxoren testuak errezak izan gabe, errez ulertzen dira”.
Alderrayk kaleko pertsonak pertsonai bilakatzen ditu, nahiz eta berak behin baino gehiagotan esan ez dela fikziozalea. Antzezlanean ageri diren bi narratzaileek, bakoitzak narrazioa ulertzeko modu oso desberdina dute. Alderray istorio epikoak maite ditu, Morroiak aldiz, gertukoak egunerokotasunean murgilduko gaituztenak. “Spoilerrena egin gabe, Alderray eta Morroia ere pertsonai bilakatuko dira” dio Mikelek. “Lehen unetik agerian geratzen da, biok maite dugula istorioak kontatzea, bata maisua eta bestea ikaslea izan arren. Narrazioa ulertzeko bakoitzaren modua desberdina bada ere, biek maite dute pertsonaiak ehiztatzearen ofizioa”.
Mikel Martinezek animatzen gaitu antzokira hurbiltzen. “Lasai jesarri eta belarriak zabaldu, engantxatuko zaituen istorioa baita”.