EZ DOK ERO, ED3 bikote artistikoaren antzezlan berria

ED3 bueltan da! EZ DOK ERO, Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek osatzen duten ED3 bikote artistikoaren antzezlan berria datorren azaroaren 10 eta 11n estreinatuko dugu Bilboko Arriaga antzokian eta espero dut bertan elkar ikustea.

 

Konpainiak berak sortu eta ekoiztutako antzezlana da, “etxean” egindakoa. Beraz, fitxa artistikoa ohikoa da. Testuaren egilea Patxo Telleria dugu eta zuzendaritza lanetan Jokin Oregi aritu da. Aktoreak ED3 osatzen duten Mikel Martínez eta Patxo Telleria dira. Jatorrizko musika konposaketa Adrian Garcia de los Ojosen esku utzi dugu.

Datorren urriaren 5ean, Basauriko Social Antzokian sartuko gara hilabeteko egonaldi artistikoa egitera. Sortze prozesua uda aurretik hasi bazen ere, egonaldi honi esker, forma eta esanahia emango diogu proiektu berriari. Hau dela eta, Basauriko Social antzokia, ikuskizun honen koproduktorea izango da.

Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek osatzen duten ED3 bikote artistikoaren lan guztietan bezala, ikuskizun honetan euskara eta euskal kultura dira protagonista nagusiak. Are gehiago oraingoan, non gure imaginario kolektiboak eta kultur sinbologiak presentzia nabarmen duten. Euskal Antzerkiaren “road movie” eroa dugu EZ DOK ERO, euskal kultura, euskal antzerkia eta euskal gizartearen irudi deformatua, barregarria eta aluzinatua eskeintzen duena.

SINOPSIA
“Mikelote eta Pantxo” bikote artistikoa desegin da. Haien formula komikoa gastatua zegoen, eta belaunaldi berriek haien tokia okupatu dute. Pantxok ondo hartu du behartutako erretiroa. Eskenatokietatik urruntzeko gogoa zuen aspalditik, bizimodu lasai eta normalizatua desiratzen zuen, artearen eromenetik urrrun. Mikelotek ez du bukaera onartu nahi. Antzerkiaren pozoia sakon errotuta dago bere zainetan. Eta pozoi horrek burua galtzeraino eramango du. 

EZ DOK ERO fikziozko istorio bat da, baina errealitatean ditu sustraiak ondo erroturik. Autoreferentziala da neurri handi batean. Mikel eta Patxoren autofikzioa hor dago denbora guztian, geure buruaz barre egiteko ironia handiz eta batere gupidarik gabe. Eta gure buruaz ez ezik, gure gizarteaz ere egiten dugu barre, eta euskal kulturaz eta, nola ez, euskal antzerkiaz.


Juana Bernarda eta Abutarda Fajardo: Munstro Sakratuak!!

https://www.youtube.com/watch?v=7OiKa_BfHu8

EZ DOK HIRU ren lehena!!