Gaur aurkeztu ditu Euskaltzaindiak, bere mendeurrenaren harira ekoiztuko dituen egitasmo kulturalak, hauen artean TARTEAN TEATROAren GHERO. Azken Euskalduna antzezlana.
Ekitaldi akademikoez gain, guztira bost egitasmo kultural ekoiztu ditu Euskaltzaindiak bere mendeurrenaren harira, “euskal gizarteak jakin dezan hizkuntza zerbait bizia dela, egunero erabili behar dena. Hala ere, Hizkuntza Kulturarik gabe ez da ezer” azaldu du Andres Urrutiak Euskaltzainburuak. “Euskal kultura zabala eta modernoa nahi dugu, gizarteak dituen premiei erantzun bat emateko” jarraitu du Urrutiak. “Horregatik punta-puntako eragileengana jo dugu euskara eta euskal kultura hauspotzeko asmoarekin”.
Egitasmo hauen artean: Bilboko Koralak sortutako Mende Berria Kantuz euskal abeslari eta taldeen bertsio koralak hartuko dituen kontzertu sorta; Biz Hitza Aukeran dantza taldearen ikuskizuna, Xabi Payaren gidoiarekin eta Aitor Etxeberriak (El Txef_A) sortutako musikarekin; hurrengoa izango da, Euskal Literatura Zaharrari buruzko hitzaldia Martuteneko kartzelan hitzaldi dramatizatua, Bernardo Atxagak idatzia eta Jose Cruz Gurrutxaga aktore lanetan arituko dena; eta, azkenik, Astelehen eta Astearte Buruzuriak izeneko kontzertu akustikoak Bilboko BIRA kulturgunean eta Donostiako Euskaltzaindiaren egoitzan egingo direnak. Bertan parte hartuko dute, Amorante, MICE, Petti, Hesian taldeko Zuriñe eta Fran, Pauline tea Juliett, Mikel Urdangarin edota Nizuri Tazuneri abeslariak.
GHERO. Azken Euskalduna antzezlanaz bere egilea, Patxo Telleria aritu da. “Distopia bat da antzezlana” azaldu du dramaturgoak. “Gure estiloko komedia bada ere, komedia solemnearen zigilua darama. Barre egin baina baita hausnarketarako baliogarria dena” jarraitu du Telleriak. Koldo Mitxelenaren esaldi famatua (“Egiazko misterioa ez da Euskararen jatorria, iraupena baizik”) erabili du aktoreak antzezlanaren mamia azaltzeko. “Azken euskalduna da gure protagonista eta hau ezkorra badirudi ere, nik sinatuko nuke 1000 urte barru ere, euskara bizirik egon zedin” barre egin du aktoreak. Fikzio honetan, 3000 urtean Hizkuntza Globala eta bakarra hitz egiten da munduan “askok ontzat joko luketen egoera” esan du Patxok. Hala ere, GHERO hizkuntza aniztasunaren aldeko kantu bat da eta honen froga dugu antzezlanean erabiltzen diren dozena bat hizkuntza desberdin. “Hasiera batean pentsatu genuen itzultzailea edota azpitituluak erabiltzea. Hala ere, ikusleak ulertuko ditu entzungo dituen guztiak”. Hizkuntza biziak entzungo dira, euskara, inglesa, frantsesa, gaztelera, katalana, galiziera, txinera… baina, baita ere, hilik dauden hizkuntzak, hala nola, latina edota protoeuskara. “Guzti hau bukatu ahal da ondo ala txarto baina hori jakiteko antzokira etorri beharko zarete” bukatu du egileak. GHEROren estreinaldia Bilboko Arriaga antzokian izango datorren azaroaren 20an eta 21ean.