Bilbon, 2001. urtean

TARTEAN TEATROA Bilbon jaio zen 2001ean, hiru sortzaileen batasunetik: Jokin Oregi, Mikel Martinez eta Patxo Telleria. TARTEANeko bazkide fundatzaileek MASKARADA antzerki talde mitikoan elkar ezagutu zuten 80.hamarkadan, euskarazko antzerkigintza modernoa eta profesionala sortu eta bultzatu zuen taldea, gaur egun ezagutzen dugun moduan. Talde honetan aritu eta gero, hiru antzerkigile hauek TARTEAN TEATROA sortu zuten mende berriaren hasieran, euren sorkuntza prozesuei eta lan artistikoei irteera emateko.

Ikusleriak ondo ezagutzen du gure lana, jada 23 urte dira TARTEAN bezala aritzen garela eta, honen isla da emanaldi guztietara hurbiltzen den publiko euskalduna eta hauen satisfakzio maila (honen harira gonbidatzen zaituztegu zuen feed back-a bidal dezazuen Iritziak atalera).

Asko dira sortutako testoak eta ekoiztutako ikuskizunak, bai Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreek osatzen duten ED3 bikote artistikoaren eskutik euskara eta euskal kultura umoregai duten ikuskizunak (Euskara Sencilloaren manifestua, Larru Haizetara, Euskarazetamol, Lingua Nabajorum, Euskal Musikaren benetako istorioa edota Ezdokero) zein TARTEANek ekoizten dituen berezko sorkuntza ikuskizunak (Pankreas, Zergatik Jamil?, Ghero, Simplicissimus kabaret, Alderray, Bake Lehorra, Kortxoaren Dilema edota Ai Gure Juaneteak).

Antzerki laburrak, formato txikiko ikuskizunak edota bakarrizketak ere sortu eta ekoizten ditugu, kultur etxe zein areto txikietan programatu ahal izateko (Tabernaria, Biba Voi, Txizatoki bat Eszenatokian edota Hamalau).

Mikel Martinez, Jokin Oregi eta Patxo Telleria. Argazkiak: Guillermo Casas