5 maiatza 2021

SALAKETA antzezlanak P6ko VIII Teatro Arineko Kriselu Saria jaso du

Tartean teatroa

Salaketa antzezlanak ospatu berri diren Bilboko P6ko VIII Teatro Arineko Jardunaldien Kriselu saria jaso du, aurten erakutsi diren antzezlanen artean, euskarazko antzezlan onenari emandako saria, alegia. Bestetik, Mikel Martinezek eta Gaizka Chamizok Aktore Onenen saria jaso dute baita ere.

Goiatz Lanbandibarrek idatzia, Mikel Martinezek zuzendua eta Mikel bera eta Gaizka Chamizo aktore lanetan aritzen direla, 2019ko CAFE BAR BILBAO Teatro Laburreko saria jaso zuen baita ere, euskarazko antzezlanen alorrean. Sari honen harira, CAFE BAR BILBAO eta TARTEAN TEATROA-ren laguntza jaso du testutik eszenara eramateko orduan.

Goiatz Labandibar egilearen hitzetan, Salaketa antzezlanak “asko du absurdotik. Abiapuntua bera, nahiko absurdoa da: pertsona bat salaketa bat jartzera doa igarle batek esan ziona ez delako bete. Gidoi umoretsua sortu nahi nuen, ironiatik eta absurdotik asko  duena, gure buruari barre egiteko aukera emateko”. Kritikatik ere badu gidoiak bere egilearen arabera. “Gizarte honetan gauza batzuen inguruan nahiko zabalduak dauden usteak eta klitxeak ere azaleratzen dira. Sistema judizialari fedea edota jendeak zertan sinisten duen edo zertan sinetsi nahi” duenari kritika ageri baita. Egoera sinple honetatik abiatuta, salaketa jartzera joan denaren eta hari harrera egiten dion justizia administrazioko langilearen arteko elkarrizketa da gidoiak kontatzen duena.

Asteburu honetan, maiatzaren 8an eta 9an, P6ko sari banaketa egiteaz gain, antzezlana berriro ere ikusteko aukera egongo da Zorrozaurreko areto ezagunean arratsaldeko 18.00etan, erderazko sari irabazlea den El Dilema de Otis eta Lorcaren El retablilllo de Don Cristobal antzezlanekin batera.

 

iruzkinak

Gehitu iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

X