16 azaroa 2018

TARTEAN TEATROAk eta Euskaltzaindiak aurkeztu dute prentsaurrean Ghero: Azken euskalduna

Tartean teatroa

Azaroaren 15ean aurkeztu zuten TARTEAN TEATROAk eta Euskaltzaindiak elkarrekin ekoiztutako GHERO: Azken Euskalduna antzezlana Arriaga antzokian, datorren azaroaren 20an eta 21ean estreinatuko den antzezlana.

3000 urtean kokatutako antzezlanak hiltzear dagoen azken euskaldunaren istorioa kontatzen du. “Batek pentsatuko du egoera ezkorra dela baina seguraski, oso bakoirra da, zeren eta baliteke 3000 urtean inglesa edota gaztelera bera ere, desagertuta egotea” azaldu du Patxo Telleria dramaturgiaren egileak. ”Hizkuntzak izaki bizidunak dira” dio Telleriak “jaio, bizi eta hil egiten dira”.

GHEROn, hizkuntza txiki honekiko harridura eta miresmena adierazi nahi izan dute egilearen hitzetan, “euskararen iraupen miragarriarekiko, hori izan da motorea”. Azken euskalduna eta bere medikuaren arteko istorioa edota fabulari beste batzuk gehitu behar zaizkio. “Fabula horren barruan hainbat fabula daude, euskararen historian zehar egon diren hainbat gertaera edota pasadizo kontatzen dira” jarraitzen du egileak.

“3000 urtean hizkuntza bakarra dago munduan, askok utopiatzat joko luketena, gauza desiragarria izan daiteke batzuetzat”. Hor sortzen da konfliktoa: Egokia da? Hobeto biziko ginetake hizkuntza desberdin gabeko munduan? Linguistikoki monolitikoa den mundu batean? Praktikoagoa izango litzateke? “Protagonistak berak kontraesan hoiek biltzen ditu. Protagonista azken euskalduna bada ere, berak guk bezala, sentitu dugu euskara bizitzen jarraitzearen ardura, ezin dugu zama horretatik libratu. Inork ez zigun esan euskalduna izatea zein nekeza den zioen Ruperren kanta batek”. Guzti hau eta gehiago erakutsiko dute batzuetan modu barregarri batean, bestetan hunkigarria, harridura sortuz eta, edertasun estetikoa ere topatzen.

Jokin Oregi zuzendariak GHEROren alde artistikoa nabermendu zuen. “Beste hautu bat egin dugu estetika aldetik. Komediatik aldendu gabe, beste genero batzuk ikutu ditugulako”. Ana Garay diseinatzaile artistikoaren lana ere nabarmendu zuen zuzendariak, “forma eman dio. Jendea harrituko da” jarraitu du zuzendariak. Elenkoa presente egon da prentsaurrekoan: Iñaki Maruri, Ane Pikaza eta Olatz Ganboa aktoreak. “Emakume artean Patxo eta Mikel ikustea ederra izango da” barre egin du Oregik. “Gozagarria izango da GHERO ikustearen esperientzia… GHEROren Gero ere agertzen da eta”. Iñaki Salvador pianojoleak egin du musika eta aktoreek hainbat pasarte abestuko dituzte zuzenean.

Andres Urrutia Euskaltzainburuak parte hartu zuen prentsaurrekoan baita ere. Euskatzaindiak hainbat egitasmo kultural bultzatuko ditu Akademiaren mendeurrenaren harira. Horregatik, Urrutiak aipatu du TARTEAN eta Euskaltzaindiaren arteko kolaboraziotik sortu dela GHERO. “Mendeaurrenaren harira TARTEANengana jo genuen elkarkidetza proposatzera, gure ustez, euskara eta euskal kultura bereziezinak direlako. Maila akademikotik haratago, gure printzipioei muzin egin gabe, euskara eta euskara bidezko euskal kultura gizarteratu behar ditugula uste dugulako”. Hizkuntzen joko horretan ibiltzea eta gure kontzientzien ateetan aldaba jotzeko antzerkia tresna baliagarria dela uste du euskaltzainburuak.

Umorea ez zen falta izan prentsaurrekoan. Andres Urrutiak aipatu zuen bezala “3000 urtean Euskatzaindiak irautea, tentagarria da”.

iruzkinak

Gehitu iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

X