29 urtarrila 2017

2016ko ‘Café Bar Bilbao’ Antzerki Laburreko XIV. Gidoi Lehiaketaren irabazleak

Tartean teatroa

2016ean ‘Café Bar Bilbao’ Antzerki Laburrean SARITUTAKO TESTUAK IRAKURTZEKO AUKERA HEMEN

Lutxo Egia , euskarazko atalean, eta Chema Trujillo, gaztelaniazkoan, suertatu dira irabazle XIV «Café Bar Bilbao» Teatro Gidoi Lehiaketan. Sari hauen helburua gidoigintza eta formatu txikiko antzerkia bultzatzea da eta Plaza Berriko Café Bar Bilbao tabernak antolatzen ditu, Tartean Teatroa antzerki-konpainiaren laguntzarekin.

Café Bilbaok saritutako euskarazko lana Identitarteak du izenburua, Igor Elortza bertsolariak asmaturiko hitz batetik hartuta. Hark ezin hobeki islatzen du Lutxo Egiaren asmoa: identitateen aferari begiratzea. Izan ere, bi aktorerentzako komedia honetan honako galderak botatzen dira: «zer diren identitateak, nola eratzen diren, eraikitzeek zer loturak dauzkaten eta zeren menpean dauden, nola kokatzen garen pertsonok haiekiko, zeintzuk diren gure usteak, nola uste horiek eragiten dieten gure praktikei…» Egileak proposatzen du bidaia bat «mundu itxi, aldaezin eta esentzialistatik egun identitateak konfiguratzen dituzten praktika sozialetara». Hori guztia «identitatea» hitza behin aitatu gabe eta jolas arin bat bezala aurkeztua, absurduan eta surrealismoan murgil ugari egiten dituena. «Pertsonaia biak, identitateei buruzko usteak ustel bihurtu ahala, egoera ezezagunen aurrean aurkitzen dira; amildegi baten ertzean, bestela esateko. Eta amiltze horretan erantzunak komikoak bezain surrealistak dira».

Lutxo Egia del Rio (Santander, 1969) Soziologian eta Zientzia Politikoetan lizentziatua eta kazetaritzan aritua da. Idazlea eta gidoilaria ere bada da eta Durangoko Azokako Ahotseneako koordinatzailea. Literatura-lanen artean, besteak beste, argiratu ditu: Maraton: Athleticen historia desberdin bat (kronika, Elkar 2016); Txakur Ingelesak (ipuinak, Susa 2012); Metamorfosis en el noveno asalto (nobela, Consonni 2012); Zubigilea (nobela, Susa 2007); Ezker hanka falta zuen (nobela, Susa 2005)… Gidoien arloan, Euskara Jendea dokumentalen-seriea (Ibaizabal eta Zenbat Gara 2013) eta Zer diozu? (fikziozko filma, errodatu gabea ) nabarmentzen dira. 2015ean Transitoak arte-performancea burutu zuen, eta uneon Transitoak II prestaketa-lanetan murgilduta dabil.

Gaztelaniaz ko saritutako lanak Elle n’est pas Liz Taylor du izenburu. Chema Trujillok bere laguna Ana Blanco aktorearentzat idatzi zuen, honek beti Elizabeth Taylor interpretatzeko nahia adierazten zuelako. Istorioa 1965an gertatzen da, goi-mailako festa batean. Warhol-en margo koloretsu baten aurrean topo egiten dute Marcel Duchamp margolariak eta Elizabeth Taylor aktoreak. Hortik aurrera solasaldi bat hasiko dute, jostaria hasieran, tirabiratsu bihurtuko dena oso laster. Artea, interpretazioa eta traszendentzia izango dituzte hizpide irudizko elkarrizketa horretan.

Chema Trujillo (Plasencia, Cáceres, 1973) aktorea da eta 22 urte zituela debuta egin zuen Meridako Antzerki Klasikoaren Festibalean. Ordutik, hainbat eta hainbat antzezlanetan parte hartu du: Shakespeareren Julio César eta El sueño de una noche de verano (Arriaga Antzokia, 2016), Zorrillaren Don Juan Tenorio (Pabellón 6, 2015), Calderonen La Dama Duende, Frederick Knott en Crimen Perfecto, Cocteaunen La máquina infernal Telebistan eta zineman ere aritu da behin baino gehiagotan.

Aktore lana egiteaz gain, antzezlan batzuk ere idatzi egin ditu: No me hables de Felipe V, El volumen que te dan los rulos ¡no te lo da un secador!, Ídolo del porno eta Quijote Kill. En blanco lanarekin FATEX 2012 egile extremadurarraren testurik hoberenari saria irabazi zuen. Valladolideko Valquiria Teatroa egun eszenaratzen ari da obra hori. Mikroteatro arloan idatzi eta eszenaratu egin ditu Ctrl-C 1936, Ctrl-V 201 eta DRON obrak.

Edizio honetara gaztelaniazko 25 lan eta euskarazko 10 aurkeztu dira. Idazle sarituek 1.000 euro jasoko dituzte, eta lanak liburu batean eta Café Bar Bilbaoren eta Tartean Teatroren webguneetan argitaratuko dira. Bi enpresok saritutako lanen muntaketa eta taularatzea bultzatuko dute.

.

 

Patxo Telleria-Lutxo Egia-Mikel Martinez-Jokin Oregi-Chema Trujillo Lutxo & Chema

iruzkinak

Gehitu iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

X