“Ikuskizun zoragarria non animaliaren izaerak gizatasun sakonena azaltzen duen”
Irribarretsu eta emosioz blai eginda eskaini dizkigu hitz hauek Pascual Guttesmanek, ikusle jatorrak, gure emanalditik irten ostean.
Lotan geratu barik, Marie de Jongh jo ta ke ari gara Avignonen. Bero galdatan urtzeko zorian bagaude ere, festibalean jarraitzeko gogotsu dihardugu.
Poliki-poliki ari gara murgiltzen Off-en dinamikan. Frantsesez ere bagabiltza, jakina, geure erara. Hilen bukaeran Avignondar peto-petoak izendatuko gaituzte.
Hiriaren taupadak sentitzen goazen heinean, familia eta gainontzeko publikoaz gain, Kibuburen magiaz liluratu nahi duten programatzaileekin ere hartu-emanetan gaude.
Aurrez aurreko kontaktua ezinbestekoa da; izan ere guk geuk eta bertatik bertara azaltzen diegu ikusleei Théâtre Laurretteko ikuskizunaren nondik norakoak.
Bestalde, kalean jaialdiko telebistak elkarrizketatu gaitu. Gainera Osmose irratiak, ordu erdi eskaini digu Off 2015eko euskal konpainia bakarraren proposamena aurkezteko.
Beraz, kementsu jarraituko dugu Kibubu ikusi ez dutenek, Pascual bezala emozionatu daitezen, Kibubu aurrez aurre gozatzeko aukera eduki dezaten.