EL DILEMA DEL CORCHO ikuskizuna Madrilgo La Abadía antzokiaren 2024-2025eko denboraldian

PATXO TELLERIA egilea Madrilera itzuliko da endreduzko thriller politiko honekin, bi aktorerentzat, espazio eta denbora unitate bakarrean. Estatu mailan arrakastatsua suertatu zen PANCREAS ikuskizunaren ostean, Patxo Telleria eta TARTEAN TEATROA Madrilera itzuliko dira. La Abadia antzokian egingo dugun denboraldia urriaren 24tik azaroaren 24ra luzatuko da (astelehenak ezik).

EL DILEMA DEL CORCHO estreinatuko du TARTEAN TEATROAk, gaztelaniaz, urriaren 18, 19 eta 20an Bilboko Arriaga antzokian. Eta jarraian, Madrilera abiatuko gara ilusio handiarekin.

Oraingo honetan RAMON BAREA eta PATXO TELLERIA aktoreak arituko dira taulen gainean, MIREIA GABILONDOren zuzendariaren agindupean. FERNANDO BERNUÉSek sinatzen du eszenografiaren diseinua. PATXO TELLERIAk berak idatzi du aktualitate handiko komedia politiko honen antzezlana

Orain arte euskarazko bertsioarekin biratzen aritu gara Euskal Herrian publiko eta kritikaren harrera beroarekin. Orain, Espainiatik biratzen jarraituko dugu erderazko bertsio honekin eta espero dugu harrera bera izatea.

Ikuskizun honen infoa aurkituko duzue euskaraz eta gaztelaniaz HEMEN

Programatzailea bazara edota komunikazio eremuan lan egiten baduzu, eskatu zure gonbidapena konpromezurik gabe.

Antzokian elkartuko gara!

 

 


XXI CAFE BAR BILBAO-TARTEAN TEATROA ANTZERKI SARIEN IRABAZLEAK

Hauek dira 2023ko CAFE BAR BILBAO-TARTEAN TEATROA Antzerki sarien irabazleak, euskaraz eta gazteleniazko bertsioetan:

Gaztelaniaz
DIARIO DE DESDICHAS, Braulio Cortés Díaz-ek idatzia

Euskaraz (exequo)
ARROPA ZURIA, Iñaki Cid Larreak idatzia
DOLU (Bizpahiru antzerki sortakoa), Pantzo Hirigaraik idatzia

Beti aipatzen dugunez, benetan zaila izanda sari irabazleen aukeraketa, aurkeztu diren gidoien kalitate altua dela eta. XXI edizio honetan 10 gidoi euskaraz eta 21 gidoi gaztelaniaz aurkeztu dira. Egileen artean 3 emakumezko eta gainerakoak gizonezkoak izan dira. Herrialdeei datokionez 2 Bizkaia, 4 Gipuzkoa  1 Araba 1 Behenafarroakoak izan dira.

Datorren otsailaren 29an CAFE BAR BILBAOn eta, LAUTANHIRU jaialdiaren baitan, euskarazko gidoi irabazle bien irakurketa dramatizatua egingo da.
Eta Pabellon 6 aretoko Antzerki Arinaren Jardunaldietan baitan produkziorako laguntza ere luzatuko dugu, gidoi irabazlea taula gainean erakutsi ahal izateko.

Arauak, sariaren helburuak eta  gidoi irabazleak dagoeneko irakurgai daude CAFE BAR BILBAOko web orrialdean. Hurrengo loturan: https://bilbao-cafebar.com/cafe-teatro/?lang=eu

Gaztelaniazko gidoi irabazlea: DIARIO DE DESDICHAS, Braulio Cortés Díaz-ena

Bio: Braulio Cortés Díaz. (Mas de las Matas, Teruel. 1980)

2000 inguruan iritsi zen Bilbora EHUn kazetaritza egitera. Eta unibertsitateko antzerki taldean hasi zen antzerkia egiten. Bilbon kokatu zen behin betiko 2009an, San Franzisko eta Zabala auzoan, hain zuzen ere.

Getxoko Antzerki Eskolan, Pablo Ibarluzearen Antzerki Fisikoaren laborategian eta Antonio Favarekin, Scuola del Attore Comico-n aktore gisa ere trebatu zen.

Arimaktore taldekoa da. Arimaktorerekin bere testu gehienak muntatu eta antzeztu ditu, hala nola "Encuentro Nocturno de Muerte y Olvido" edo "Mi nombre es Pájaro" laburrak, "Gran Cabaret Pachón" komedia zentzugabea (Naiel Ibarrolaren musikarekin) edo "¡Snark!" haurrentzako pieza, besteak beste.

Baita ere, Felipe Lozak zuzendutako "El Trepa de Palacio" musikal bufoa (Pabellón 6) edo Erre Produkzioak taldearekin egindako "Mil Sombreros" antzerkiari buruzko komediak idatzi ditu.

Diario de desdichas antzezlanaz
“Diario de desdichas” 2020an pandemia baten ondorioz itxialdian egon ginen egunetan gertatzen den obra da. Hain zuzen ere, sei asteren ondoren, haurrak kalera atera genituen lehen egunean. Kilometro bat, ordubete.

Egun horietan, irrealitate-sentsazioa are indartsuagoa egin zen, nabarmenagoa. Baina ez da egoera hori aztertu edo epaitzen duen obra bat. Ia obra guztiek hitz egiten dutenaz hitz egiten du: giza harremanez, absurduez eta garen gauza txikiez...

Irrealitate giro hori samurtasunez eta umorez erreproduzitu nahi izan du. Heroi eta billanorik gabe. Gizakiekin bakarrik.

Euskarazko gidoi irabazlea (exequo): ARROPA ZURIA, Iñaki Cid Larrea-rena

Bio: Iñaki Cid Larrea (Donostia, 1986) egilea eta aktorea.

2021ean lortutako antzerkigintza berrien bekaren ondoren idatzitako BEHIN BATEN LOIOLAN antzezlanarekin Donostia Kutxa literatura saria irabazi zuen 2022an. Urte berean bertako kidea den amaHiru konpainiarekin GAIZKI eta DUZHE DOBRE
antzezlanak sortu zituen (bertan aktore lanetan), biak Pabellon 6 antzerki laburren jaialdian sarituak izan zirenak. Gaur egun DUZHE GAIZKI antzezlanarekin biran ari da, martxoan Victoria Eugenia antzokian egongo dena, besteak beste.

Irratian ere aritzen da Euskadi irratian ostiralero BAIPASA saioan eta aurten euskaraz lehenengo aldiz egiten den Federico Garcia Lorcaren YERMA antzezlana estreinatuko du Zurriola antzerki taldearekin.

Arropa Zuria antzezlanaz

ARROPA ZURIA gure amek eguneroko keinu txikien bidez gutako bakoitzarengan uzten duten ondareari buruz hitz egiten du. Eguneko une desberdinetan gure burura itzultzen diren keinu edo momentu hauek dira bakarrik ez gaudela gogorarazten digutenak,
jende askoz osaturik gaudela esaten digutenak, gu ez garela bakarrik gu garrasi egiten digutenak.

Antzerki hau gurasoak eduki arren benetan gertu ez dituztela sentitzen duten pertsona guztiekin konektatzen duen pieza da. Gurasoak ez daudenean faltan botako dituztela jakin arren, haiengana gehiago hurbiltzeko, aholkuak eskatzeko edo besterik gabe, haiek entzuteko gai ez diren pertsonentzat idatzitako lana da hau; biharko egunean beraien arropa amarena bezain txuria geratuko ez den pertsonentzat alegia.

Testua bi aktoreentzat sortua izan da eta nahasten diren bi mundu ezberdinetan jolasten du. Egotearekin eta ez egotearekin; aurrez aurre hitz egitearekin edo telefonoz hitz egitearekin; bizirik egotearekin eta hilda egotearekin. Bizitzan gertatzen den bezala,
elkarrekin bizi diren errealitatearen eta memoriaren munduak nahastuz hitz egiten duen testua.

Euskarazko gidoi irabazlea (exequo):

DOLU (Bizpahiru antzerki trilogiakoa), Pantzo Hirigarai-rena

Bio: Pantzo Hiriagarai (Baigorri, Behe Nafarroa, 1958)

Kazetaria eta animatzailea Iparraldeko Euskal Irratietan eta bereziki Irulegiko Irratian. Orain erretiratua.

Antzerkian aspaldidanik murgildua, lehenik aktore bezala (Xirrixti Mirrixti taldean) eta gero idazle bezala aritu da. Baditu 30 bat antzerki idatziak Ipar Euskal Herriko talde desberdinentzat.

3 aldiz Donostia hiria saria eskuratua ("Beherearta", "Lamindegiko Laminak" eta "Garatenea"), eta beste behin Euskaltzaindiaren Toribio Altzaga saria ("40 urte")

Eleberri bat ere idatzia du: "Poto" .

Orain , "One man show" edo Bakarrizketak egiten ditu.

"Bizpahiru" trilogiako "Dolua" antzezlana-z

Familiako norbaiten galtzeak larrituta, lagun batek eskatu zion heriotzaren gaiaz zerbait idazteko.

Antzezlan honetan ikusten ditugu lagun talde bat haien adiskide baten ehorzketetatik itzultzen. Debate bat sortzen da haien artean heriotzaz: ba ote da beste bizi bat ondotik eta nolakoa? Ez dira konturatzen hil den laguna haien artean dela, ez dutelako ez ikusten ez eta entzuten alabainan eta hitz egiten duenean, ez diote erantzuten. Honek gaizki hartzen du haien erantzun eza, hilik dagoela ulertzen ez duelako.


XX EDIZIOKO CAFE BAR BILBAO ANTZERKI LABURREKO SARIEN IRABAZLEAK

CAFE BAR BILBAOk eta TARTEAN TEATROAk XX edizioko Antzerki Laburreko Sariaren irabazleak aurkezten ditu:

  • Gaztelaniazko gidoi irabazlea: IÑIGO COBOren "Canciones tristes para gente alegre" antzezlana.
  • Euskarazko gidoi irabazlea:  LUTXO EGIAren"Hamalau" antzezlana

 

XX edizio honetan, guztira 18 gidoi aurkeztu dira, 8 euskaraz eta 10 gaztelaniaz. Antolatzaileen arabera, aukeraketa zaila izan da aurkeztutako gidoien kalitate handiagatik.

Ez da lehen aldia bai Iñigo Cobo zein Lutxo Egia irabazle suertatzen direla. Cobok 2017an irabazi zuen gaztelaniazko testu batekin eta Egiak 2016an egin zuen, baita ere euskarazko antzezlan bati esker.

Bestetik, gogorarazi nahi dizuegu, "Hamalau" antzezlanaren irakurketa dramatizatua egingo dela Bilboko Zazpi Kaleetako LautanHiru jaialdian otsailaren zehar eta Pabellon 6ko Antzerki Laburreko jardunaldietan ere taularatuko da, ohiko antzerki formatoan.

Iñigo Cobo, zine mundutik antzerkigintzara

Iñigo Cobo Santurtziko SANTURZINE Festibalaren sortzailetariko bat eta gaur egungo zuzendaria da. Bere ibilbidea zinemagintzan hasi bazen ere, antzerkiko egile eta zuzendari modura lan egin du azken urteotan. Besteak beste: UBÚ FINANTZA ERREGEA (2020) Ramón Bareak zuzendutako antzezlanaren zuzendari laguntzailea; ‘TODO SALDRÁ BIEN´(2020), Pabellon 6ko Gazte Konpainiaren antzezlanaren zuzendaria; eta, 'REY DESNUDO Y CHICO MUERTO' (2022) Pabellon 6ko Gazte Konpainiaren antzezlanaren egilea eta zuzendaria izan zen.

"Canciones tristes para gente alegre"  gaztelaniazko gidoi irabazleak, aspaldian, gaztetan, harreman afektiboa izan zuten bi pertsonen enkontrua kontatzen digu. Hainbat urte pasa eta gero elkarri galdetzen diote ea zenbat eta zertan aldatu diren.
Antzezlan laburra, arina, dramatik aldegiten saiatzen dena, umoretsua batzutan eta xamurra betiere.  Enkontru horretan pertsonaiek haien bizitzari buruz hausnartuko dute eta saiatuko dira onartzen haien arrakastak eta porrotak.

Lutxo Egia, kulturgile bat, bete betean

Lutxo Egia kulturgile amorratua da, bai kultur kudeaketa lanetan (Bira Kulturgunean) zein sortzaile moduan, asko baitira idatzitako testuak eta performance-ak. Poesia, narrazioak, eleberriak, kronikak, saiakerak eta antzezlanak idatzi ditu.

“Hamalau”ren argumentua honako hau da: eraikin bat hiri batean. Hamalaugarren solairua. Terraza bat. Gizon bat dabil batetik bestera eraikineko hamalaugarren pisuko terrazan. Notarioa da eta bere bezero baten zain dago. Hain zuzen ere, bezero horren buru-hilketa edo suizidioa egiaztatzera joan da. Ez da ohiko lana, baina nor da notario bat juzku moralik egiteko? Dena baldintza egokietan dagoela ziurtatzera mugatu behar da. Eta notarioa denez, bide batez, ohartarazi English suizidio baten aurrean gaudela. Absurduaren baitan koka genezakeen komedia da euskarazko gidoi irabazlea. Ez da suizidioari buruzko lan bat, testuinguruan hura egon arren. Giza-kondizio korapilotsuari begiratzeko nahi bat dago egilearen hitzetan, alde biri bereziki: alde suntsitzailea eta alde autosuntsitzailea.

Gidoi irabazleak jada irakur daitezke CAFE BAR BILBAOko webgunean: bilbao-cafebar.com/teatro-premio/

 

 

 

 

 

 

 

 


ALDERRAYren istorioak engantxatuko zaitu, zatoz antzokira!

ALDERRAY emanaldiaren aurretik harrapatu ditugu Mikel Martinez eta Sandra Fdez. Aguirre antzokiko kamerinoetan. Bizarra jantzita Mikelek ALDERRAY itxura hartu du, eta Sandrak Alderrayren morroiaren rola egiteaz gain, bi ehiztariek harrapatzen dituzten hainbat pertsonaia gorpuzten ditu.

Aurreko martxoan Arriaga antzokian estreinatu zenetik, elenkoak publikoaren harrera beroa eta kritikaren onespena jaso ditu. Mikel Martinezek azaltzen digunaren arabera, “Arriagako estreinaldia oso esperientzia polita izan da, Bilboko antzoki nagusian hastea bira, abiapuntu ona da. Publikoaren harrera ona jaso genuen. Kontuan izanda hau ez dela komedia bat eta, TARTEANek ohikoa duen umorea erabiltzen ez den arren, feed back-a ona izan da”.

Antzezlan honetan hitzak pisu garratzitsua badu ere, Sandra Fdez Aguirre aktorearen hitzetan, “nik uste erreza da ulertzea. Behintzat hori aipatu didate lagunek, errez sartzen zarela istorioan”.

Patxo Telleria egileak eta zuzendariak, narrazioari gorazarre egin nahi izan dio ikuskizun honetan. Baina, ahozko tradizioak badu lekurik XXI mendean? Mikel Martinezek azaltzen digunez, “aktoreak gara eta antzerkia egiten dugu. Azken finean, istorioak kontatzea da gure lanbidearen funtsa, ez bakarrik antzezlan honetan baizik eta orokorrean aktoreek gure gorputzarekin, hitzarekin, eszenografia eta abar-ekin, istorioak kontatzen ditugu. Beraz, bai zentzua du, bestela ez genuke egingo antzerkirik… Gustokoa dugu”.

Sandra Fdez Aguirrek morroiaren papera betetzeaz gain, hainbat pertsonai gorpuzten ditu: zorigaiztoko neska zoriontsua, langile arrakastatsua, irakurle mugiezina, lapur terrorista, zaharren ehiztari zaharra, autogidari maitemindua, ezusteko eskalea, miserablea, bekatuen lapurra, ama kuraia…. Honek erronka txiki bat suposatu du Barakaldoko aktoresarentzat, bere hitzetan: “Hainbeste pertsonai sortzea bada niretzat erronka bat, pertsonaia bakoitzak bere fisikalitatea edota ahots propioa duelako. Istorio bakoitzak zerbait kontatzen digu, pertsonai bakoitzaren arima desberdina delako. Ikuslearengan hurbildu nahi dut pertsonaia, lehen kolpean jakin dezan horren nondik norakoak eta guztti hori, istorioak irauten duen  minutu eskasetan. Ikusleak pertsonaiak maiteko ditu euren istorioa ezagutzen duen unetik aurrera. Dena dela, zailena morroiaren arima eta izaera aurkitzea izan da, nik gorpuzten dudan pertsonaia. Beraz, erronka bai baina dibertigarria da baita ere. Opari bat da horrelako pertsonaiak gorpuztea, morroia oso pertsonaia polita delako, gaztea da, hunkigarria, kalezalea baina baita ere iluna da, amorru bizia sentitzen du barnean… eta bestetik pertsonaia txikiagoak gorpuztea bakoitzak bere ezaugarriekin, oparia da, eta jolasteko aukera paregabea. Oso jostagarria da testua”.

10 istorio laburrez osatuta dago antzezlana eta bestetik, istorio luzea edota orokor bat dago, Alderray eta bere morroiaren artekoa.Patxo Telleria egileak eskarmentu handia du, eta saiatu gabe euskara erreza egiten, badaki antzerkian garratzitsua dela hitza edota testua lehen kolpean ulertzea. Patxoren testuak errezak izan gabe, errez ulertzen dira”.

Alderrayk kaleko pertsonak pertsonai bilakatzen ditu, nahiz eta berak behin baino gehiagotan esan ez dela fikziozalea. Antzezlanean ageri diren bi narratzaileek, bakoitzak narrazioa ulertzeko modu oso desberdina dute. Alderray istorio epikoak maite ditu, Morroiak aldiz, gertukoak egunerokotasunean murgilduko gaituztenak. “Spoilerrena egin gabe, Alderray eta Morroia ere pertsonai bilakatuko dira” dio Mikelek. “Lehen unetik agerian geratzen da, biok maite dugula istorioak kontatzea, bata maisua eta bestea ikaslea izan arren. Narrazioa ulertzeko bakoitzaren modua desberdina bada ere, biek maite dute pertsonaiak ehiztatzearen ofizioa”.

Mikel Martinezek animatzen gaitu antzokira hurbiltzen. “Lasai jesarri eta belarriak zabaldu, engantxatuko zaituen istorioa baita”.


ALDERRAY ikuskizun berriaren estreinaldia

Datorren martxoaren 9 eta 10ean ALDERRAY ikuskizun berria estreinatuko du TARTEAN TEATROAk Bilboko Arriaga antzokian. TARTEANen filosofioari jarraituz, gure ekoizpen propiak sortu, ekoiztu eta banatzeko ohiturari jarraituko diogu oraingoan ere. Dagoeneko zenbait emanaldi iragarrita daude eta Euskal Herri osoko antzoki eta aretoetan erakustea da gure asmoa. Ikuskizuna euskara hutsez da.

Patxo Telleriak idatzitako testuak, ALDERRAY pertsonaien ehiztariaren istorioa kontatzen digu, bere morroia izandakoaren ahotik. Bi aktore arituko dira oholtza gainean, bi pertsonai hauek gorpuzten: Mikel Martinez aktoreak ALDERRAYrena egingo du eta Sandra Fdez.Aguirre aktorea bere morroia izango da. Antzezlanaren zuzendaritza Patxo Telleriaren esku dago.

Jatorrizko musikarik ez bada ere, musikak ehundoko garratzia izango du ALDERRAYren pertsonaien istorioei ñabardurak emateko orduan. Espazio sonoroaren arduraduna Adrian Garcia de los Ojos gure ohiko kolaboratzailearena izan da. Jantzien disenua Betitxe Saituak egin du eta eszenografia eta objetuen sorkuntzari dagokionez, El Cajon-eko Pedro Rojok sortu ditu. Argiztapenerako, ohikoa dugun moduan, David Rodriguez aritu da.

Antzezlan hau narrazioen narrazio bat bezala egituratuta dago. Ekintza aurrera doa kontakizun itxuraz independienteen bidez.  Hasieran, kontakizun hauek ez daukate zerikusirik protagonistekin, haien bizitzatik urrun dauden pertsonaiei buruzkoak dira. Itxuraz. Baina ekintza aurrera doan heinean, narrazioak gero eta inplikazio gehiago daukate Alderray eta Morroiaren barneko munduarekin, halako moldez non, amaieran haien bizitzaren alderik esanguratsuena ezagutu eta haien minaren zergatiak ulertuko ditugun.

Sinopsia

“Alderray pertsonaien ehiztaria da, istorio kontalaria. Ez du fikzioa maite, kontatzen dituen istorioak benetakoak dira denak. Zahartu egin da, ordea. Indar eta kemena galdu ditu. Jada ez du istorio berririk aurkitzen, ez du pertsonaia interesgarririk somatzen.  Duela gutxi neska gazte bat hurbildu zaio, bere ondoan ofizioa ikasteko asmoz. Morroi gisa onartu du”.

Orain arte lotuta dauden emanaldi batzuk: Bilbo (martxoak 9 eta 10), Leioa (martxoak 18), Santurtzi (apirilak 7), Iruña (apirilak 27), Basauri (maiatzak 13), Gernika (maiatzak 20), Berriz (urriak 29), Donosti (azaroak 12 eta 13), Erandio (azaroak 27), Oñati (abenduak 1), Sopela (abenduak 2), Astigarraga (abenduak 3)…

 

 


2021ko XIX CAFÉ BAR BILBAO ANTZERKI LABURREKO SARIDUNAK

2021ko XIX CAFÉ BAR BILBAO ANTZERKI LABURREKO SARIDUNAK dira:

Euskara:

ZURE SOTOKO ARDOA (Ex Aequo)
Bertol Arrieta Kortajarena

DEUS EX TWINGO (Ex Aequo)
edo maitasunaren komenentziak
Mikel Fernandino Hernández

Gaztelania:

LA TELA DE ARAÑA
Marieta Díaz de Toledo

Aurtengo edizioan 29 gidoi jaso ditugu, 21 gaztelaniaz eta 8 euskaraz. Betiko lez, lan handia izan dugu saridunak aukeratzerakoan, gidoien maila oso altua izan baita.

Bestetik, euskarazko gidoi irabazleak, TARTEAN TEATROAren laguntzarekin irakurketa dramatizatua formatoarekin eszenaratuko da Bilboko Lautan Hiru Jaialdian. Baita ere, Bilboko Pabellon 6 aretoko Antzerki Arineko jardunaldietan parte hartzeko produkziorako laguntza jasoko dute.

Sari hauen helburutako bat, dramaturgo berriak idaztera bultzatzea da.

Euskarazko SARIDUNAK (Ex Aequo):

 Mikel Fernandino Hernández (1984 Lasarte-Oria) Bartzelonan bizi den euskal antzerkigile, musikari, titiritero eta antropologoa da. Anodino teatroa konpainiarekin hainbat titulu estreinatu ditu, besteen artean, Zeruan Eroria edo Erbeste; eta beste antzezlan labur batzuk: Amor Breve eta El gato de Schrödinger lanekin Pabellón 6ko Alex Angulo Sariarekin egin zen. Títeres desde abajo konpainiako eta Pepe Otal txotxongilo etxeko kidea da. Euskaraz, gaztelaniaz zein katalanez idatzi ohi ditu bere antzezlanak. Café Bar Bilbao saria jasotzen duen bigarren aldia da, izan ere, 2015ean Un pequeño pp lanagatik lortu zuen.

 DEUS EX TWINGO, maitasunaren komenigarritasunei buruz hitz egin nahi duen lan bat da. Gaur dekonstrukzio prozesuan dagoen substantzia lirdinga hori interes handiak mugitu izan baititu gizatasunaren historian zehar, bai familia noble eta aberatsetan edo, kasu honetan bezala, bi pertsona arrunten artean.

Bertol Arrieta Kortajarena (Zarautz, 1975). Gidoigintzan ere aritua, narraziogintza izan da Arrietaren jarduera nagusia orain arte. Hala, bi ipuin-libururen egilea da: “Txikira beti hordago!” (Erein, 2004), eta “Alter ero” (Susa, 2012). Era berean, haur eta gazte literaturako hainbat liburu idatzi ditu, baina iazko udazkenean kaleratu zuen helduentzako bere lehen nobela, “Gezurra berdaderoa” (Elkar) komedia erotikoa. “Zure sotoko ardoa” hauxe du lehen antzezlana. Egun, nobela grafiko bat burutzen ari da Sandra Garayoa ilustratzailearekin batera, suizidioaren gaia lantzen duena, eta bere hirugarren ipuin-liburua ere bukatzear dauka.

ZURE SOTOKO ARDOA. Udaberriko ekaitz batek harrapatuta, taberna berean hartzen dute aterpe, kasualitatez, Xabik eta bere bikotekide ohi Arantxak. Ezkondua eta bi seme-alabaren aita da, gaur egun, Xabi. Soltera dago, itxuraz, Arantxa. Hamabi urte igaro badira ere euren harremana eten zutenetik, elkarrekin bizitako une gozoak oroitzen hasiko dira, baina baita beren bizikidetzaren trapu zaharrak ateratzen ere. Zer ote da, baina, batak bestearengandik espero duena?

Gaztelaniazko irabazlea

Marieta Díaz de Toledo. (Bilbo). Narrazio laburrak, poemak eta beste “zintzotasun literarioak” idatzi ditu. La Espiral liburuan bilduta ditu bere lan esanguratsuenak. Diamantes de Ciudad da bere lehen eleberria.

Getxoko Antzerki eskolan ikasi zuen Arte Dramatikoa Javier Liñera eta Aitor Perezekin. Baita ere EHUn Antzerkia eta Arte eszenikoen postgradoa egin zuen, “Ohorezko Aipamena” lortuz.

Beste gidoi batzuk dira: 'CUERPOS DE BARRO', 'TOCATA Y FUGA' eta 'LA TELA DE ARAÑA'.

LA TELA DE ARAÑA. Hilkutxa bat, hiru aulki, bi ahizpa eta hoietako baten alaba. Hiru emakume inguru itolarri batean preso, euren aita eta aitonak sortutakoa.

Obran zehar, bere buru besterenduek txikizio eta salaketa izugarrietan zabaltzen dituzte txikitatik biktima gisa jasan duten tiraniaren ondorioak.
Denek begiratzen diote borrero berari, baina batek ere ez du berdin hautematen eta sentitzen. Horietan, errealitatea eta fikzioa nahastu eta bat egiten dira paranoia suntsitzaile eta fatalista batean.
Egileak psikologo baten aholkularitza jaso zuen pertsonaien besterentzeari buruz idazteko orduan. Era berean, Javier Liñera antzerkigile, maisu eta lagun onaren iritzi eta aholkuak jaso zituen.


SALAKETA antzezlanak P6ko VIII Teatro Arineko Kriselu Saria jaso du

Salaketa antzezlanak ospatu berri diren Bilboko P6ko VIII Teatro Arineko Jardunaldien Kriselu saria jaso du, aurten erakutsi diren antzezlanen artean, euskarazko antzezlan onenari emandako saria, alegia. Bestetik, Mikel Martinezek eta Gaizka Chamizok Aktore Onenen saria jaso dute baita ere.

Goiatz Lanbandibarrek idatzia, Mikel Martinezek zuzendua eta Mikel bera eta Gaizka Chamizo aktore lanetan aritzen direla, 2019ko CAFE BAR BILBAO Teatro Laburreko saria jaso zuen baita ere, euskarazko antzezlanen alorrean. Sari honen harira, CAFE BAR BILBAO eta TARTEAN TEATROA-ren laguntza jaso du testutik eszenara eramateko orduan.

Goiatz Labandibar egilearen hitzetan, Salaketa antzezlanak “asko du absurdotik. Abiapuntua bera, nahiko absurdoa da: pertsona bat salaketa bat jartzera doa igarle batek esan ziona ez delako bete. Gidoi umoretsua sortu nahi nuen, ironiatik eta absurdotik asko  duena, gure buruari barre egiteko aukera emateko”. Kritikatik ere badu gidoiak bere egilearen arabera. “Gizarte honetan gauza batzuen inguruan nahiko zabalduak dauden usteak eta klitxeak ere azaleratzen dira. Sistema judizialari fedea edota jendeak zertan sinisten duen edo zertan sinetsi nahi” duenari kritika ageri baita. Egoera sinple honetatik abiatuta, salaketa jartzera joan denaren eta hari harrera egiten dion justizia administrazioko langilearen arteko elkarrizketa da gidoiak kontatzen duena.

Asteburu honetan, maiatzaren 8an eta 9an, P6ko sari banaketa egiteaz gain, antzezlana berriro ere ikusteko aukera egongo da Zorrozaurreko areto ezagunean arratsaldeko 18.00etan, erderazko sari irabazlea den El Dilema de Otis eta Lorcaren El retablilllo de Don Cristobal antzezlanekin batera.

 


2020ko CAFÉ BAR BILBAO XVIII TEATRO LABURREKO SARIAK BANATU DIRA

CAFE BAR BILBAOk eta TARTEAN teatroak urtero banatzen dituzten 2020ko Teatro laburreko sariek badituzte irabazleak:

Euskarazko gidoi saritua:
“KILL, KERRA eta KARMA” Egilea: ASIER HERNANDEZ

CAFE BAR BILBAO SARIAK 18. edizio honetan, guztira 19 gidoi aurkeztu dira, hauetatik 12 gazteleraz eta beste 7 euskaraz.

“CAFE BAR BILBAO” Teatro Laburreko Gidoien Sari hauen ezaugarri eta helburu nagusia, formato txikiko antzezlanen sorkuntza bultzatzea da. Formato “txiki” honek esan nahi du, antzezlanaren beharrizan teknikoak eta artistikoak txikiak direla, eta banaketa eta ekoizpen errazekoak.

Sari hauek 2002 urtetik hona ematen dira eta, esan bezala, dramaturgoak antzezlan mota hauek idaztera animatzea daukate helburu nagusia. Urte guzti hauetan egile hasiberri edo jada aritu askok jaso dute merezitako aitortza. Hauen artean: Arantxa Iturbe, Lutxo Egia, Pako Aristi, Imanol Ituño de Miguel, Teresa Calo, Gaizka Sarasola, Mikel Mikeo, Fredi Paia, Galder Perez, Txema Trujillo edota Aizpea Goenaga.

Oraingo Sari hauek jarraipena daukate: urtero Lautan Hiru Teatro txikiko Bilboko Alde Zaharreko festibalean (irakurketa dramatizatua egingo da hurrengo martxoaren 4an) eta Pabiloi 6ko teatro laburreko festibalean (ekoizpenerako dirulaguntza).

BIO: ASIER HERNANDEZ (Donostia 1971)

Aktore profesionala 1985.urtetik (OTRA VUELTA DE TUERCA, Eloy de la Iglesia). HIL-KANPAIAK filma estreinatu berri du, EL INTERNADO-LAS CUMBRES, seriean parte hartu du eta orain SISIFOREN PAPERAK (Harkaitz Cano) antzezlanean ari da aktore lanetan.

Testugilea ere bada eta “Café Bar Bilbao” Saria irabazita dauka lehenik ere, erderazko lan birekin: AMOR & LIBERTAD (2003) eta AMOR & LOCURA (2007).

KILL, KERRA eta KARMA antzezlanari buruz egilearen ahotan:

Bat bateko transformazioa bizi duten hiru lagun, funtzionario bat, ama hil zaion kilker bat. Guztiek heriotzari, pandemiari, euskara batuari, politikari, transformazio Kafkianoari … buruz hausnarketa egingo dute, bakoitzak bere moduan, ordenarik gabe, inongo logikarik gabe, maitasunari eta erditu zituen Amari kantu bat eskainia.

 

 

 


2019ko CAFÉ BAR BILBAO ANTZERKI LABURREKO SARIAK BADITU IRABAZLEAK

CAFE BAR BILBAOk, TARTEAN TEATROAren laguntzarekin, 2019ko CAFE BAR BILBAO TEATRO LABURREKO SARIEN irabazleak aurkeztu ditu. Beraiek dira: Euskarazko Gidoirik onena Goiatz Labandibar Salaketa lanagatik; eta, Gaztelaniazko Gidoirik onena Javier Diez Carmona Digresiones de don Quijote y Sancha lanagatik.

CAFE BAR BILBAO SARIAko 17. edizio honetan, guztira 25 gidoi jaso dira, hauetatik 17 gazteleraz eta beste 8 euskaraz. Sari bakoitzeko irabazleek 800 euro jasoko dituzte eta, antzezlanak CAFE BAR BILBAOren web orrialdean publikatuko dira.

Bestetik, Lautan Hiru Bilboko Zazpi Kaleetako antzerki laburreko jaialdiaren baitan, Goiatz Labandibarren Salaketa antzezlanaren irakurketa dramatizatua egingo da datorren otsailaren 6an Cafe Bar Bilbaon gaueko 20.00etan.

Goiatz Labandibar Arbelaitz, oiartzuarra da, kazetaritzan lizentziatua eta, egun, komunikazio arloan egiten du lan. Literatur munduan aritua da baita ere, helduentzako hiru ipuin bilduma argitaratu baititu.

Javier Diez Carmona bilbotarra da, 1969an jaioa. Autore gisa, prosa edota narrazioan murgildu da (eleberria ala ipuniak idatziz) baina baita ere, poesia eta antzerki laburreko sariak jaso ditu. Gazte literaturari dagokionez bi eleberri idatzi ditu gazteleniaz  baina baita ere nobela beltzaren eremuan murgildu da bi eleberriekin.

AUTOREEK EUREN ANTZEZLANARI BURUZ

Goiatz Labandibarrek dionez, Salaketa antzezlanak “asko du absurdotik. Abiapuntua bera, nahiko absurdoa da: pertsona bat salaketa bat jartzera doa igarle batek esan ziona ez delako bete. Gidoi umoretsua sortu nahi nuen, ironiatik eta absurdotik asko  duena, gure buruari barre egiteko aukera emateko”. Kritikatik ere badu gidoiak bere egilearen arabera. “Gizarte honetan gauza batzuen inguruan nahiko zabalduak dauden usteak eta klitxeak ere azaleratzen dira. Sistema judizialari, fedea edota jendeak zertan sinisten duen edo zertan sinetsi nahi” duenari kritika ageri baita.

Bestetik, Javier Diez egileak Digresiones de don Quijote y Sancha antzezlanari  buruz zera dio: "Antzezlana diruaren potere ustelagarriaren parabola bat da. Umore klabean idatzia,  prosa eta bertsoa txandakatzen ditu. Antzezlan honetako pertsonaiaren (Alonso Quijano) handi-nahikeriak aurkezten ditu, merkatuaren gorabeheren eraginez porrota ezagutu eta, justizia sozialaren ameskerietan murgilduta, finantzen mamuaren kontrako lehiari (errotak) ekingo dio, bere idazkariaren (Sancha) laguntzaz zein, Cervantesen jatorrizko eleberrian bezala, arrazoiaren ahotsa den. Baina, gure zaldun berria ohartzen denean aberatsa dela oraindik ere, txirotuak laguntzeko asmoak bazterrean utzi eta dirutza biltzeari ekingo dio”.

 


Patxo Telleria: “Umorea benetan arriskutsua balitz poterearentzat ez genuke erabiltzeko aukerarik izango"

Simplicissimus Kabaret TARTEAN TEATROAren antzerki proiektu berriak umorearen inguruko ariketa eta hauskarketa izan nahi du. XX mendeko gerra arteko hiru komiko (Fritz Grunbaum, Werner Fink eta Kurt Gerron) ezagunen bizitza ikaragarra eta latza abiapuntutzat hartuta, umore satirikoaz eta honen marra gorrietaz dihardu. Patxo Telleriak idatzi du gidoia eta, baita ere eszena zuzendari aritu da. Datorren azaroaren 26 eta 27an estreinatuko da Bilboko Arriaga antzokian.

Nola izan zenuen Grunbaum, Gerron eta Fink komikoen istorioaren berri?
Ez nituen pertsonai historiko hauek ezagutzen Heil Hitler, El Cerdo Esta Muerto, Rudolph Herzog-ek idatzitako liburua irakurri nuen arte. Bertan azaltzen da nola nazien konzentrazio esparruetan hainbat komiko ibili zirela kabareta egiten. Irudi hori, kabareta eta konzentrazio esparruak elkartzeak izugarria iruditu zitzaidan, oso deigarria eta dramatikoa era berean, kriston indarra zuela, indar emotiboa eta mamiazkoa.

Komedia izanda, drama latzetik ere baduela Simplicisimusek kontatzen duen istorioak?
Jakina! Kabaret honetan 20. hamarkadako erotasun, poztasun eta fribolitate garaietatik 40ko une beltzenetara doa, drama eta gordintasuna bermatuta daude. Eta gordintasun horren barruan txertatu dut umorea, umorearen bidez istorio latz eta gordin bat kontatzeko. Grunbaum, Fink eta Gerron Berlineko kabareteko komiko ezagunak izan ziren eta beraien lana komedia egitea zen: umore politikoa, skech satirikoak eta abar. Hori zen bere lana eta konzentrazio esparruetan preso zeundela, lan hori egiten jarraitu zuten.

Eta, nor zen euren publikoa? Borreroak ala presokideak?
Denetarik. Baziren emanaldi batzuk behartuta antzeztu behar zituztenak borreroentzat. Kasu honetan eta beraien egoeran, komeni zitzaien soldaduak dibertitzea. Eta bestetik, bere presokideentzat aritzen ziren egoera latza nolabait arintzeko. Baina kasu honetan oso desberdina zen erabiltzen zuten komikotasuna edo behinzat, honen ikuspuntua nahiz eta, antzezpena konzentrazio esparru batean izan.

Umore edozein egoeratan eman daitekeela?
Umore mota bi daude: bata, poterearen kontura egiten dena; eta beste bat, ahularen kontura egiten dena. Biak ageri dira Simplicissimusen. Oso dokumentazio gutxi dago esparruan egindako kabaretaz eta horregatik agerraldiak eta numero komikoak hutsetik sortu ditut. Hala ere eta, horretara ez bagara jolastu ere, ez da hori nire asmoa, une batzuetan Simplicissimusen erabiltzen den umorea txirriantea suerta daiteke, deigarria, ezezik deserosoa.
Ikuslearen prestakuntza intelektualean sinisten dut eta, zuzen banabil publikoak jakingo du zein testuinguruan esaten den gauza bakoitza, istoriako une edota pasarte bakoitzean bietatik zein den erabiltzen ari garen umorea. Azken finean, Simplicissimus umorearen inguruko ariketa bat da. Baina sketch eta kabareteko eszenen tratamendua oso desberdina da testuinguruaren arabera, horretan saiatu naiz behintzat.

Lan dramatikoak idatzi badituzu ere, badirudi zure eremu naturala komedia dela, tragikomedia kasu honetan.
Ikuskizun honetan ez dakit zer nabarmenduko den gehiago, umorea ala drama, ikusleak esan beharko du azaroan Arriagan estreinatzen dugunean, ea zer jaso edota sentitu duen gehiago. Noski, nik publikoak barre egitea nahi dut hori baita ikuskizunaren asmoa baina, seinale txarra izango litzateke ere, istorio honekin jendea hunkitu ez edota dramatikotasun hori jasoko ez balu.

Hainbat umoregile jazarriak dira egun ere munduan euren lana askatasunean egiteagatik. Istorioa errepika daiteke?
Antzezlanean hori azpimarratzen da, istoria errepika daitekeela, erne ibili behar garela. Hau etorkizunari begira egiten den antzezlana da. Kutsu historizistatik aldentzen gara, abibidez, Grunbaum, Fink eta Gerron gizonezkoak izan arren, eszenan hiru emankumezko antzezlek gorpuztuko dituzte pertsonaiak, urruntze hori azpimarratzeko. Ez dugu istorio biografikoa egin nahi baizik eta pertsonai hauek inspiratutako istorio bat sortzea.

Ez hain urrutira joanda, gurean, Mozal legea erabili da umoreari lerro gorriak jartzeko. Zertara dator hainbeste jazarpen? Umorea arriskutsua al da?
Umore benetan arriskutsua balitz poterearentzat ez genuke erabiltzeko aukerarik izango. Armak bezala. Guk ez dugu esku artean arma bat edukitzerik eta, aldiz, txiste politikoak egiten uzten digute. Hau da, hain arrikutsua ez dela. Poterea eta Umorea elkarrekin bizi daitezke. Egia da, gero eta erregimen estuagoetan, gutxiago toleratzen dela baina, gu bizi garen gizarte liberaletan, txakurrek arkakusoak jasaten dituzten moduan, poteretsuak komikoa jasaten du. Egongo dira kasuak umoreak poterea kolokan jarri duena, baina salbuespena da. Antzerkia bera bezala, antzerkiak mundua alda dezake? Ez. Garrantzitsua da antzerkia edota umoera egotea baina ezin dugu prentsatu hain indartsuak garenik.

Fitxa Artistikoa

Dramaturgia: Patxo Telleria
Zuzendaritza: Patxo Telleria eta Jokin  Oregi
Zuzendari laguntzailea: Aitor Borobia
Aktoreak: Patxo Telleria, Olatz Ganboa, Getari Etxegarai, Adrián Garcia de los Ojos
Jantziak eta Eszenografia diseinua: Ikerne Giménez
Jantzigintza: Nati Ortiz de Zarate
Musika egilea: Adrián Garcia de los Ojos
Argiztapena: David Rodríguez
Diseinu grafikoa: Paradox
Ekoizpena: TARTEAN Teatroa
Koekoizpena: Barakaldo Antzokia
Ekoizpen Exekutiboa: Pio Ortiz de Pinedo y Myriam Garzia